Aginagako Eskolakoak etxez etxe aritu dira kantuan

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 14:22

Ikasturte berezia bizitzen ari dira Aginagako Eskolakoak. Gogoan izan, 2019ko ekainaren 9an Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatuko dute bertan. Antolaketa lanetan erabat murgildua da eskolako komunitatea, eta oro har, Aginaga. Ostiral honetan, zereginok tartetxo batez alboratu eta neguko oporraldiari harrera egiteko abestera irten dira etxez etxe, trikitilari eta panderojoleekin. Gabon kantak abestuz, Aginagari itzulia eman diote.

 

San Tomas Azokako apustua

"Abenduaren 16an Aginagako eskolako postuan apustua egin genuen. Garbantzo pote batean zenbat ale zeuden asmatzen zuenak saski eder bat irabazteko aukera zuen. Hemen bidaltzen dizuegu apustuaren emaitza. Irabazlea Liliya Ivanushkina izan da. Berak 1333 ale zeudela idatzi zuen eta potean 1351 ale zeuden, beraz bera izan zen gehien gerturatu zena". Aginagako Eskolakoen ondoko argazkian duzue apustuaren irabazlea.