Aginaga barrutik, igandeko ETB-ren "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 18a, 18:40

 

Iaz “Oreina” eta orain Euskal Telebistako “Herri Txiki, Infernu Handi” saioarekin, grabazio platoan bilakatu zen berriz Aginaga urte amaieran. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkezturiko saioa Aginagakoen hitz eta irudiak biltzen aritu zen. Pagadi ondorio argi batera heldu ze, abenduan NOAUA!ri eskaini zion ondoko elkarrizketa honetan nabarmendu duenez; “Aginaga potentzia bat da”.

 

Heldu da grabatu zutena ikusteko unea. Aginaga barrutik ezagutuko du Euskal Herriak igande gau honetan. Urtarrilaren 20an, gaueko 22:00etan hasita, azaroa eta abendua artean bertan grabaturiko saioa erakutsiko du Euskal Telebistako “Herri Txiki, Infernu Handi” saioak. 

 

Zerk eraman zaituzte Aginagara? “Oreina” filmagatik ote den entzun dugu.

Mikel Pagadi: Normalean nortasuna duten herriak, auzoak eta udalerriak bilatzen aritzen gara. Aginaga ondoan izanda, batzuetan ondoan dituzunak ikusi arren ahaztu egiten dituzu. Aginaga ordea entitate garrantzitsua da. Bertan ere egon behar genuela genion. Data kontuengatik zerrenda bat izaten dugu egina eta Aginaga tokatu zenean, Aginagara. Aginagan ere pertsona interesgarriak eta istorio handiak egongo zirela pentsatzen genuen eta asmatu dugu!

 

Herri Txiki herrietara joaten denez, Aginaga nolatan hautatu duen baten baino gehiagoren ahotan egon da asteotan. Herritartasunaren gaiak bizirik dirau.

Gai hori tratatuko dugu saioa, ederki kontatzen dute aginagarrek, auzoa, udalerria edo herria ote den. Baina ni ondorio batera heldu naiz; Aginaga potentzia bat da. Harrituta geratu gara metro karratu gutxian, gauza asko daude. Badu nortasuna eta gauza piloa, harrigarria.

 

“Oreina” grabatu zuten tokietan egon zarete, besteak beste?

Koldo Almandoz (“Oreina” filmeko zuzendaria) laguna dut eta filmeko grabazio lekuetan egon ginela esan nion. Pentsa Aginagak azken aldian zenbaterako eman duen; filma, programa, eta gauza gehiago.

 

Urte borobila bizitzen ari dira Aginagan?

Bai “kapital kulturala” dugu.

 

Aginagak ze berezitasun ditu?

Oso giro ona dagoela iruditu zait. Batzuetan esaten da herri txiki infernu handi, baina orokorrean ez zait iruditu jendea antzezten zebilenik. Ez zait askotan pasa, baina batzuetan izaten da, telebistakoak datozela eta herria apaindu beharra. Hemen jendea den bezala agertu da, oso benetakoa. Hemen aktorerik ez dago. Asko poztu nau horrek. Oso programa borobila geratu da, denetarik pixka bat dugu.

 

https://euskalpmdeushd-vh.akamaihd.net/multimediahd/videos/2019/01/16/2385072/20190116_08513316_0011732425_005_001_TR__HERRI_TX.mp4

 

ETB-n ordubetez ikusi ahal dugun saioak ordu askotako atzeko lana du. Aginaga kasu, herri bat hautatzerakoan, non abiatzen da zuen lan prozesua?

Normalean herri bat aukeratzen da, zenbat biztanle dituen ikusten da. Normalean jende gehiago dagoenean, hitz egiteko prest dagoen jendea aurkitzea errazagoa da. Bizpahiru lankide saioa grabatu baino aste batzuk lehenago hasten dira ikertzen herriko jendea, historia, udaletxera deitu, tabernetara joan, jendea ezagutu... Haien lanaren ostean, eskaleta bat egiten da, piezen aukeraketa bat. Hor etortzen dira batzuetan ezusteko txarrak, ze batek ez du nahi atera telebistan edo besteak ezin du. Batzuetan zortea izaten da, bestetan pena ematen dizu ze agian norbait atera gabe geratzen da. Pixkanaka saioa osatzen goaz. Egun oso batean grabatzen ditugu kaleko pieza guztiak. Bi talde ibiltzen gara, Zuhaitz Gurrutxaga alde batetik, ni bestetik. Gero handik 10 egunetara bideoak ikusi, editatu eta bakoitzari ordubeteko grabaketa batetik 5-7 minutan utzi ondoren gidoiak egiten dira. Txisteekin, okurrentziekin, muntaiekin, arratsalde batean grabatzen da.

 

Aginagako elizan egin duzue amaierako grabazioa. Herritarren grabazioak emititzen joan ahala, ze inpresio izaten dute beren burua lehen aldiz pantaila batean ikusten duten askok?

Magikoa izaten da. Asko txundituta geratzen dira. Agian pertsona lotsagabe gisa ikusten duzu grabazioan, eta gero bera ikusten denean zuri zuri eginda geratzen da. Beti errespetu handiz joaten gara eta jendea gustura geratzen da.

 

Aginagarekiko lehendik zenuten ikuspegia aldatu da, grabazioen ostean?

Ezagutzen nuen pixka bat aurrez, Usurbil ere bai. Aginagan hainbeste denbora egon gabe, dezente aldatu da eta hoberako gainera. Lehen ikuspegi ona nuen, baina orain hobea.

 

Zuek ere pozik egoteko moduan zarete. 100. saioa eskaini berri duzue. Telebista munduan, edonork ez du muga hori gainditzen.

Egia esan harrituta gaude. Formatua probatzen hasiz ekin genion. Aurrena 10 saio grabatu genituen, emititu gabe. Jendeak ez zekien zer zen. Dinamarkako formatua da, egin zuten Katalunian eta gero guk. Kanpoan funtzionatu du, hemen egin eta agian ez zuela funtzionatuko pentsatzen genuen. Baina orokorrean jendeak gustura hartu du, geroz eta gehiago ikusten joan dira. Audientziarekin oso gustura gaude.

 

Zein dira arrakastaren gakoak?

 

Horixe jakin nahiko nuke nik. Lan talde txikia gara, oso ondo eramaten gara. Beti jendearekiko errespetua dugu. Umorea egiten dugu baina ez gara jendearekin sartzen. Hala, errespetuz joanda, hurrengo egunean ere etxeetako ateak ireki egiten dizkizute. Adarra gehiegi jotzen badiezu ez dizkizute irekitzen. Beti errespetuz joan eta herrietako istorioak, ohiturak, historia..  erakusten dugu; istorio pertsonalak, gainditze istorioak, emakumeenak, gazteenak, adinduenak… Normalean gauza gehiago izaten dute kontatzeko adinduek.

 

Herri asko erakutsi dituzue barrutik, baita herri eta pertsona ezezagun askoren istorioak. Euskal Herria ezezagun bat ari zarete plazaratzen?

Agian pixka bat bai. Herri Txikin agertzen direnak herrietan ezagunak dira baina orohar ezagutzen ez direnak. Badira ezagutaraztea merezi duten istorioak eta jendea, gehiago jakiteko eta Euskal Herria hobeto ezagutzeko.

 

Zalantza bat dugu argitzeke. Aginagako saioa noiz emitituko ote den.

Urtarrila amaiera aldera. Baina lasai, garaiz abisatuko dizuegu, sare sozialetan zabalduko dugu.

 

Zergatik ez dugu galdu behar saio hau?

Bideo harrigarriak daude, bai nireak, Zuhaitzenak... Denetarik dago. Aginagak zenbaterako ematen duen ikusiko duzue. Ordubeterako asko eman digu, beste bi orduetarako ere eman digu.

 

Zer oroitzapen daramazue Aginagatik?

Ojo al krixto e! Benito Aranbururekin ur hotzarekin biluzik dutxatu ginen. Anguletan ibili ginen Inaxiorekin. Maria Angelesek matrikula guztiak buruz dakizki. Bizitzan sekula ez zait ahaztuko.

 

 

 

Irudia: @Agiatik