Nataliren bideoklip berriaren grabaziorako figuranteak behar dituzte

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 31a, 10:12

 

"Zerbait aldatzera doa", hala izena du Usurbilgo Natali musika taldeak sorturiko abesti berriak. Abestiarentzako bideoklipa grabatzera doaz otsailaren 9an eta figurante bila dabiltza. "Adin guztietako jendeak parte har dezake bideoklipean", adierazi dute. 

 

Bideoklipa otsailaren 9an (larunbata) grabatuko dute, goizeko 10:30etan hasita Aginagako Eliza Zaharrean. Interesdunek deitu dezatela edo whatsapp mezu bat helarazi, 688 636 967 telefono zenbakira. Eta grabazio egunean ordu erdi lehenago, 10:00ak aldera agertu daitezela Aginagako Eliza Zaharrera. "Zu ere animatzen bazara, otsailaren 9an 10:30etan Agiñako Eliza Zaharrean ikusiko dugu elkar!", adierazi dute.

 

"Zerbait aldatzera doa" abestiaren zati bat, aurrerapen moduan, azken orduotan eseki du sare sozialetan Natali taldeak.

 

Diska eta bira, ate joka

Abesti gehiagoren zatitxoak ere aurreratzen ari dira azken aldian, taldeak Facebook-en eta Instagramen duen kontuetan. Kanta guztiok lan berri batean plazaratuko Natalik. "Laister jakinaraziko dizuegu diska noiz kaleratuko den!!", iragarri dute. Irailean grabatu zuten estreinako diska Andoaingo Garate Studioetan, Kaki Arkarazo teknikari eta produktore lanetan zela. "Diska entzuten duen orok, musika estilo ezberdinetan barrena eramango du, istorio eta sentimenduz beteriko abentura bat lez", dio Natalik.

 

Martxorako "Garena Tour" kontzertu bira iragarri du Natalik; martxoaren 12an, Gasteizko Parral tabernan eskainiko dute kontzertua, martxoaren 23an Iruñako Garazi tabernan eta martxoaren 30ean Antiguako Doka Kafe antzokian. 

 

Boskotea

2017ko udan sortutako Natali taldea, Natali Izagirrek, Ixak Arrutik, Olaia Inziartek, Gorka Mendizabalek eta Andres Insuak osatzen dute. Pixkanaka osatu dute taldea. Natalik bi urtez AEB-tan barrena bidaiatu ondoren, "bere ezinegonak azaleratu nahian, Ixak Arruti usurbildarrarekin elkartu eta proiektu berri honi hasiera eman zion. Bakoitzak bere ibilbidean ikasitakoak elkarbanatuz, estilo ezberdinetako kantu bilduma osatu zuten. Horrela, "Iparrorratzik gabe" kantua kaleratu zuten 2018ko otsailean".

 

Gerora batu ziren beste hiru kide. "Proiektuari bultzada eta osotasuna emateko asmoz, Gorka Mendizabal, zarauztarra; Andres Insua, patagoniarra; eta Olaia Inziarte, oronoztarrarekin batera taldea osatu zuten. Bost unibertso hauen leherketatik dator NATALIren esentzia".

 

Informazio gehiago:

natalimusika.com

natalitaldea@gmail.com

https://www.instagram.com/natalizagirre/

https://www.youtube.com/channel/UCnWxy89PjUUwQ4ADujMaRSA

https://www.facebook.com/natalitaldea/

 

https://www.facebook.com/natalitaldea/videos/757072661344335/