21. Korrika

Errausketaren aurkako aldarria 21. Korrikan ere ikusgarri egiteko deia

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 12a, 09:59

Errausketaren aurkako aldarriak ere lekua izango du, gure artera heltzear den 21. Korrikan. Errausketaren aurkako banderolak hartuta euskararen aldeko martxan parte hartzeko deialdia egin dute.

Aldarri anitzentzako lekua egon ohi da Korrikan. Euskararen aldeko martxak aldarrikapen anitz bildu eta bideratu izan ditu. Aurten, besteak beste, eraikitzen lanak azken txanpan izan eta hilabete gutxi barru martxan jarri nahi diguten Zubietako erraustegiaren aurkako aldarriak ere bere lekua izango du euskararen aldeko martxan. Honako deialdi hau heldu zaigu NOAUA!ra:

"Korrika dela eta errausketaren aurkako mugimenduan gabiltzanok, Korrikan parte hartuko dugu gure aldarrikapenekin. Horretarako 14:00etan Aginagako Mapilen elkartuko gara. Banderolak Usurbilen daude salgai. Anima zaitezte!".

Hitzaldia Hernanin
Abel Arkenbout Holandako Toxico Watch fundazioko toxikologoak “Dioxinak Holandako Halingenen-Dioxinak Zubietan? Honela kutsatzen dute erraustegi modernoek” hitzaldia eskainiko du larunbatean (apirilak 13), 10:00etan Hernaniko Biteri kultur etxean. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Hernanin Zero Zaborrek antolatutako hitzaldia ingelesez eskainiko da, baina aldi berean euskarara itzulia izango da.