Ekainaren 9ko eskola txikien festari begirako bazkaria eta argazki erakusketa Aginagan

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 23a, 09:41

Aginagako Eskola, ekainaren 9ko Gipuzkoa mailako jaialdirako prestatzen hasia da.

Ekainaren 9an Aginaga Gipuzkoako Eskola Txikien jai gunea izango dugu. Bertako hezkuntza komunitatea antolaketa lan betean da jada, eskola txikien arteko hartuemanak sendotu eta herri bateko zein besteko errealitateak plazaratzeko ezin aproposagoa izan ohi den urteroko jaialdiko nondik norakoak lotzen.

Girotzen hasteko, eskola txikien festa eguna baino bi asteburu lehenago, maiatzaren 25erako hain zuzen, Aginagako hezkuntza komunitateko egungo eta atzoko kideak batu nahi dituzte bazkari baten bueltan. Egungo nahiz Aginagatik pasatako ikasle, irakasle, herritar eta gurasoak. “Zuek dakizuen bezala, eskolak dira gure herri txiki eta auzoetako bihotza. Aginagako eskola txikiak taupada bizian jarraitzen badu urte luzez eta osasuntsu mantentzen bada, zati handi batean zuei esker da”, gogorarazten dute eskolatik.

Txartelak salgai
Esker on hori adierazteko zer hobeto denak bazkari baten bueltan biltzea baino. Hortxe beraz gonbita. Maiatzaren 25ean, “denok elkartzeko eguna izatea nahi dugu”. Urte guztiotako hainbat une irudikatzen dituzten argazki historikoen bilduma osatzen ari da San Praixku Guraso Elkartea. Maiatzaren 25ean, “denok batera kontu zaharrak gogora ekartzeko”. Zuetako inork Aginagako Eskolari lotutako argazki zaharrik balu, aginaga@eskolatxikiak.org helbidera bidali edo guraso elkarteko kideren bati emateko gonbita luzatu dute.

Argazki erakusketa ireki eta bisitatu ostean, aipatu moduan bazkaria antolatu dute Aginaga Sagardotegian. “Animatzen zaituztegu denoi parte hartzera”. Bi menu izango dira aukeran. Helduenean, mixta entsalada, bakailao tortilla, txuleta patatekin, gazta, menbrilloa, intxaurrak eta kafea izango dira, 26 euroren truke. Umeenean kroketak, oilasko izterra patatekin eta izozkia, 13,50 euroren truke. Bazkaritarako txartelak Arrate tabernan izango dira salgai maiatzaren 3ra arte.