"Herri honek, Aginagako eskola honek ez zaituzte ahazten! Eskerrik asko!"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 29a, 12:27

Ekainaren 9ko jaialdiaren atarian, belaunaldi ezberdinetako Aginagako Eskolako kideak batu zituen joan den larunbatean bazkari baten bueltan ospatu zuten topaketak. Bertan, hamarkadotan irakasle lanetan jardundakoak omen zituzten oroigarri banaketa ekitaldi batekin. "Herri honi hezten lagundu diozue. Aldi berean, gizarte hobeago bat egiten lagundu duzue. Beraz, herri honek, eskola honek, ez zaituzte ahazten! Eskerrik asko”.

Aginaga Sagardotegian bildu ziren belaunaldi ezberdinetako eskola kideak. Hitzok eskaini zizkieten, urteotan herri ikastetxeak hezitzaile izan dituenei:
“Izan zinetelako gara, eta garelako izango gara. Hemen esaldiaren jatorria! Txikiak gara eta ez dugu hazi nahi! Sendotu baizik, indartsuak izan. Egun hauetan argazkiak jaso ditugunean, ikusi besterik ez zegoen jendeak zein harrotasunarekin utzi dizkigun bere oroigarriak, bertan nabaritu dugu, orain dugun zuhaitz indartsu honek sustrai sakon eta gihartsuak dituela. Gaur egungo eskola ezin dugu ulertu urteetan atzera joan gabe. Argazkietan ikusi dugu egon den eboluzioa, señorita Mertxe, Jexux eta Miren, edota Gurutze eta Luciaren garaien arteko jauzia. Urte hauetan zehar ume asko hezi duzue, bizitzako gora-beherak erakutsi, belaunaldi ezberdinen jakituria iturri izan zarete, herri honi hezten lagundu diozue. Aldi berean, gizarte hobeago bat egiten lagundu duzue. Beraz, herri honek, eskola honek, ez zaituzte ahazten! Eskerrik asko”.

Argazki erakusketa
Aginagako Eskolaren urte luzeetako ibilbidea, hamaika oroitzapen berritzeko aukera eskaintzen du joan den larunbat eguerdian Eliza Zaharrean ireki zuten argazki erakusketak. Txangoak, ospakizunak, jaunartzeak, klase kideen taldeko argazkiak... Aginagako Eskolako belaunaldi ezberdinetako kideak, duela 50-60 urtera artekoak erretratatu ditu egunotan Eliza Zaharrean ikusgai izango duzuen erakusketak. Irudi bilduma auzolanean osatu dute, herritarrek utzitako argazkiekin.