Aginagako herria eta eskola, eskutik helduta betidanik

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 7a, 11:10

Ezin ulertu herri txiki bat eskola txikirik gabe, ezta eskola txikia herri txikirik gabe. Aginaga dugu horren adibide argia. Igandean ospatuko duten Gipuzkoako Eskola Txikien festaren atarian, Eskolak Aginagaren herri bizitzan eta Aginagaren herri bizitzak Eskolan izan duen eragina, bien arteko lotura estua dela argi utzi digute, garai ezberdinetako eskolako ikasle ohiek. 

“Eskolako arkupeek istorio asko gordetzen dituzte” adierazi dio NOAUA!ri Blanca Bruño aginagarrak. 60. hamarkadaren bueltan egun Ariztitxo frontoiak duen kokagunean zegoen Aginagako eskola zaharraz ari zaigu. Zenbat eta zenbat haur igaroko ziren bertatik. Pentsa, Blancaren garaian “1963-64 ikasturteko argazki batean 60 bat neska agertzen gara maestra batekin. Helduenak 14 urte, txikienek 3-4. Mutilen ikasgelan ere beste hainbeste izango ziren”. Ohikoa zen garai hartan. “Etxe bakoitzean ume asko zen. 8 seme-alabako familia asko hemen inguruan”, Bruñok oroitarazi digunez. 

Gogoan duenez, ikasliburu bakarra zuten goizeko klaseetarako; entziklopedia handi bat. “Han zetozen gai guztiak: hizkuntza, matematikak, erlijioa, geografia… dena liburu batean. Arratsaldeetan, laboreak izaten genituen; josi…”. Erdaraz egingo zutela uste du eskolan, baina gero Aginagako eskola utzi eta kolegiora joatean zera esaten zieten, “ez genekiela erdaraz hitz egiten, orduan hemen (Aginagan) ez dakit erdaraz edo euskaraz ikasten genuen”.

Blanca 9 urtera arte aritu zen ikasten Aginagako Eskolan. Igandean Gipuzkoako eskola txikien jaialdiaren erdigunean kokatuko den Aginagako eskolaren ibilbide luzearen garai bat marraztu digu Blancak, eta geroago bizitako beste hainbat une biziarazi dizkigute egun guraso diren ikasle eta irakasle ohi zenbaitek. Bruñok, Aginagaren erdigunean kokatua zegoen arkupeen eskola hura gogorarazi digu. “Kantinan bazkaltzen genuen, Aginagako emakume zenbaitek prestatutako bazkaria. Maistrarengana joaten ginen astean behin, dozena erdi bat arrautz, kilo bat patata eta pezeta batekin”. 

Ikasgelan neskak gela batean, mutilak bestean ohikoa zen moduan garai hartan. Eskolatik kanpo ordea, “denok batera ibiltzen ginen. Soka saltoan, kaniketan, arkumexurrekin.. Garai hartako eskola ataria lurrezkoa zen. Eskolako arkupe horiek denerako balio zuten”.

Udako arratsalde partean ere giro bizia izaten zuten Aginagan. “Belarrak egin eta lehortzen zituztenean, hor festa izaten zen guretzat. Gainean saltoka ibiltzen ginen”, oroitu digu Blancak. 

“Goitarrentzako” eskola
Berarekin denboran atzera gehiago egin dugu, eta arkupeen eskola haren aurretik ba omen zuen beste kokagune bat, edo gehiago, Aginagako eskolak. “Lehen, Etxeberrin zegoen eskolara joaten omen ziren”, hori du entzuna Blancak. Eta “behetarrentzat”, Aginagako kaxkoaren bueltan bizi zirenentzat soilik ez, Aginagako “goitarrentzat”, hau da mendi inguruan bizi zirenek ere bere eskola propioa izan zutela ere badiote. “Aiton amonei entzuna diet. Amona autopistak botatako Arburu baserrian jaio zen. Han egiten omen zuten “goitarren” eskola. Ikuiluan gela handi bat izan eta bertan ikasten omen zuten. Irakasleak bertan pasatzen omen zuen astea”, adierazi digu Ainhoa Bereziartuak.

Bere aurreko belaunaldiek bezala, Ainhoa ere Blancaren antzera, Aginagako arkupedun eskola hartan ikasitakoa da. Bere arbasoek ez bezala, neska eta mutil nahasian gelan, baina haien antzera, adin ezberdinetakoak denak batera. HH-koak gela batean, LH-koak bestean. “Batzuetan txikiagoak zaintzea tokatzen zitzaigun, hurrengoan zu zinen txikiena eta zu zaintzen zintuzten”, Bereziartuaren esanetan. Egun ikastetxeko gurasoa da. 

Gogoan du haurra zela hasi zirela biltzen Gipuzkoako eskola txikiak. “Gu eskolan ginela egin zen lehenengo eskola txikien festa. Urtero joaten ginen. Aginagatik autobusa antolatzen zen eta aiton amon, guraso, ume… joaten ginen”. 

Eskolarekiko langileek nahiz herriak zuen inplikazioa nabarmentzen du. “Eskola txikia izan eta lan gutxiago egongo dela iruditu arren, bai familiek eta irakasleek doble inplikatu behar izan dute, eskola handiagoetan egitea egokitzen ez zaizkien lanak egin behar izan dituzte. Inplikazioa erabatekoa izan da”, dio Ainhoak. 

Horren adibide gisa aipatu dio NOAUA!ri, LH-n zela irakasleak bere borondatez, arratsaldeko klasea hasi baino ordu erdi lehenago proposatu ziela ikasleei, “bere borondatez ingelesa irakatsiko zigula”. 

Edo goizean klasera heldu, kitarra hartu eta abestuz hasten zuten klase eguna. Hala kontatu digu Aitziber Arangurenek. “Hori ez dut beste inon bizi, oso polita zen”, oroitzen du. Eskola oso hurbilekoa zen, denak batera ibiltzen ziren. “Harremana askoz handiagoa zen, oso aberatsa. Familia bat ginen. Arratsaldero eskolan jolasten genuen, eskolan batera. Gero baten edo bestearen etxera”.

Irekia mantentzeko borrokan
Kontuan izan, egun 41 haur ditu Aginagako Eskolak; 19 HH-n, 22 LH-n. Aitziberrek ordea askoz ikasle gutxiagoko garaia ezagutu zuen. “Eskola osoan 8-9 izatera heldu ginen”. Eta garai hartan, eskola irekia mantentzeko borroka urteak izan ziren. “Gurasoek, eskola kideek asko borrokatu zuten. Eskola irekia mantentzeko borrokan batekin eta bestearekin eztabaidatzen nola aritzen ziren kontatzen zuten”.  

Ordurako egun ikastetxeak duen kokagunean ziren. Eskolan hasi berritan bizi izan zituen, gerora frontoia eraikitzeko arkupedun eskola zaharraren eraiste lanak. “Oroitzen dut nola egon ginen leihotik begira, eskola zaharra nola botatzen zuten ikusten. Halako tristura sortu zigun barruan”. 

Igandeko jaialdiaren atarian oroitzen du, txikiak zirela nola festa hau beti Aginagan ospatzea nahi izaten zuten. “Ez zen izan posible garai hartan. Ilusio handia egin digu aurten Aginagan izateak. Lan asko ari dira egiten irakasle eta gurasoak, herrikoak ere laguntzen ari gara ahal den neurrian. Ia egun borobila ateratzen den”.

Eskolaz kanpoko bizitza suspertzen
Egunotan aipatu duten moduan, auzolan erraldoian murgildu da Aginaga azken urtean. Tartean, eskolako San Praixku Guraso Elkartea. “Taldeetan antolatu gara, lanak banatze aldera”, adierazi dio aldizkari honi, elkarteko kide Aroa Alkortak. Komunitate txikia izanik, jende gutxi eta lan handia izan arren, “herritarrek ere lagundu digute. Bolondresak eskatu izan ditugunean, beti laguntzeko prest agertu dira”.

Haien ohiko jardunari batu zaio elkarteari, jaialdi honen prestaketa lana. Urtean zehar, eskolaz kanpoko ekintza ugari antolatzen ditu San Praixkuk; bi talde dituen pintura ikastaroa, psikomotrizitatea txikienentzat, dantza taldea ere badute, txokoak opor garaietan… Horrez gain, bai haur zein gurasoei begira ere aisialdi ekintza gehiago ere antolatzen dituzte urtean zehar. “Haurrak eskolatik kanpo Aginagan egotea lortu nahi zen eta haurren arteko harremanak beren herrian bertan sendotzea. Bestela, eskola bukatu eta bakoitza bere etxera edo kanpora joango litzateke”. Eta helburua betea dute; “arratsaldeetan ume asko ibiltzen dira, txikiak eta helduagoak elkarrekin”, Aroaren esanetan. 

Eskola indartua ikusten du egun, herria indartu beharra dagoela iruditzen zaio. Herriak eskola behar duen bezala, eskolak herria behar du. “Ume bakoitza jaio den lekuak behar du eskola. Orain etxeak behar ditugu”, adierazi du Alkortak.

Ildo beretik mintzatu da baita Aitziber Aranguren. “Etxebizitzak eraikiko balituzte, nik uste aginagar asko bertan geratuko litzatekeela bizitzen. Nik zorte handia dut, bertan bizitzeko aukera dugu. Nire adin inguruko gazte askok gurasoekin bizitzeaz gain ez dute aukera askorik Aginagan bizitzeko. Joan egingo dira ziurrenik, eta beste herri batean bizitzen hasita gero zaila da bueltatzea”. Herritarrak, gazteak ere Udalarekin etorkizunerako hirigintza plan baten lanketan dira. “Ia aurrera ateratzeko aukera dagoen”, dio Aitziberrek.

Batez ere, azken urteotan zenbait komertzioren itxieraren ostean, herri bizitza indartzen laguntzeko. Eskola, jubilatu elkartearekin batera giltzarria izan da herri bizitzari eusterako orduan. “Aginagari bizitza asko eman dio beti. Herriko umeak bertan heztea oso garrantzitsua da, herri giro horri bizirik eustea”, adierazi digu Blanca Bruñok. Ainhoa Bereziartuak, eskolarik gabeko Aginaga nolakoa litzatekeen ohartarazi digu. “Familia batek bere haurra ezin badu gertutasunean hezi, familia lotara joango da bakarrik auzora. Azkenean, bizitza bertan egiten ez baduzu, herri giro hori hiltzen da”.

Gurasoak dira Blanca bezala, Ainhoa, Aitziber eta Aroa. Txikitan edo geroago eskolan jasotakoa bueltatzeko aukera dute orain. “Badakizu gauzak zenbat kostatzen den aurrera ateratzea. Badakizu baita, denok inplikatuta askoz errazagoa izango dela. Gutxi izanda, guk ez badugu egiten zeinek egingo du?”.