Aginagako Eskola Txikien Festa giro ezinhobearekin amaitu da

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 10a, 09:04

Bazkalosteko ekitaldiak zertxobait lehenago hasi dira, euriaren beldur. Ez da halakorik izan, ordea, eta giro ederrarekin amaitu da Aginagako Eskola Txikien Festa. Perkusio tailerrean erritmoaz gain, hirura arte zenbatzen ikasi dute haurrek hainbat hizkuntzatan: alemaniera, errusiera, frantsesa... Lopeneren animalietan jardun dute arratsaldean, astotxoak eta poniak izan dira protagonista nagusiak eta zezen gaztetxoak ondoren. Sardina Frexkue antzerkiarekin bildu dira frontoian, denek batera arraun eginez lor daitekeenaren balioa ulertu dute hala. Apar festak itxi du aginatarren festa eguna bertakoz inguratuta.