Aginagako jaietako haurren serigrafia tailerrean izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 7a, 08:34

Jaietako azken egunean, urriaren 12an, 12:00-13:00 artean Aginagan antolatu den haurrentzako serigrafia tailerrerako izena emateko azken eguna duzue astelehen hau. Arrate taberna sarreran dagoen orrian edo email bidez inskribatu ahalko dira parte hartzaileak. Lerrootan bildu ditugu hitzordu honen gaineko xehetasunak.

Tailerrak atal ezberdinak izango ditu. Serigrafia zer den azaldu eta tailerraren azalpen txiki bat eskainiko du Zatzaizkit izeneko markadun arroparen sortzaile Beñat Iraola. Ekintzaile gaztea izango da hitzordua dinamizatuko duena. Eta gero lanera! "Ume bakoitzak hurrengo materiala izango du bere tokian. Kamiseta txuri bat (kamiseta honek atzealdean egunerako bertarako egindako diseinu berezia izango du aurrez estanpatuta), oinarrizko formak kartulinan (karratua, triangelua eta zirkulua), pintzel ezberdinak eta oinarrizko pinturak. Ordu erdi batez, umeek, oinarrizko forma horiek kamisetan kokatu eta pintzelarekin lagundurik, bestelako marrazkiak burutuko dituzte beraien kamisetetan, era librean".

Amaieran, dinamizatzaileak "kartulinazko oinarrizko forma horiek ezarri dituzten tokian" estanpa egingo du serigrafia bidez. Umeen kamisetak plantxatuko dira eta talde argazkia aterako dute parte hartzaile guztiekin.

Guztira ordubete inguruko saioa izango da. Tailerrean parte hartzeko izena aurrez eman beharko da; aipatu moduan, astelehen hau, urriaren 7a da horretarako azken eguna, Aginagako Arrate taberna sarrerako kortxoan egongo den zerrendan edo emailez aginagaherria@gmail.com helbidera email bat bidalita. Adi, zerrenda horretan nahiz emailez haurraren izen abizenak, adina eta tailerrerako baliatuko duen kamisetaren neurria zehaztu beharko dira.

AGINAGAKO JAIAK
Urriak 11, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Umeen jokoen hasiera.
13:00 Umeen bazkari goxo-goxoa karpan, mmm...
16:00 Puzgarriak.
18:00 Txokolate banaketa eta buruhandi bizkor-bizkorrak!
19:00 Herriko jubilatuen eskutik opari jaurtiketa haurrei, Arratetik plazara, iepa iepa!
19:30 Patata tortila txapelketa.
20:00 Zezen suzkoa plazan zehar; egin ihes txikito, erreko hau!
Ondoren, herri poteoa.
21:00 Gazte afaria Aginaga Sagardotegian. Sarrerak 25 eurotan urriaren 6ra arte salgai Usurbilgo Aitzagan eta Arraten.
23:00 Txosna irekiera.
23:30 Kontzertuak Eliza Zaharrean: Rukula eta Andoni Bakarlaria.
Ondoren, DJ Seymar.                                        

Urriak 12, larunbata: Gaupasa Eguna
12:00 Serigrafia tailerra, “Zatzaizkit”-eko Beñat Iraolaren eskutik.
13:00 II.Tiratxinas jaurtiketa txapelketa.
15:30 Trainerila estropadak errioan: Gizonezkoen X. eta Emakumezkoen IV. ikurrinak. Euskotren Ligako neskak eta Euskolabel Ligako mutilak izango dira hurrenez hurren, etxeko trainerila anfitrioi delarik!
18:00 Eriz Magoaren “Auskalo” saioa.
19:00 Elektrotxaranga plazan zehar: Joselontxos.
23:30 Kontzertuak frontoian: Liher eta Enkore.
Ondoren, erromeria: Larrian Gozo.
04:00 DJak Eliza Zaharrean eta karpan.
07:30 Errefus-bilketa!

Oharrak:
-Aginagako Jai Batzordea ez da arduratzen egun hauetan gerta daitezkeen ezbeharrez.
-Usurbilgo Udalak babesturiko festak direnez, ardura zibilaren aseguru poliza ere Udalak bereganatzen du.
-Eskerrik asko Orioko Arraun Elkarteari, estropaden antolaketan laguntzeagatik.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.