Aginagako Herri Elkargunea berritzeko proiektuaren aurkezpena 19:00etan Eliza Zaharrean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 13:27
Aginagako Eliza Zaharra.

Aginagako Eliza Zaharra Aginagako herri elkargunean bilakatua da, urtean zehar antolatzen diren ekitaldi anitzekin. Gunea berritu eta elkargune izateko egokitzeko proiektu bat landu dute Origami arkitekturakoek. Gaur (abenduak 18) aurkeztuko dute, 19:00etan Eliza Zaharrean bertan.

Aginagako Eliza Zaharra auzolanean berritzeko proiektuaren nondik norakoen berri emango dute bilera honetan. "Joan den urtean, gazteok buru-belarri jardun gara proiektua gauzatu asmoz. Honenbestez, agiñatar orori proiektuaren inguruko azalpenak eman nahi genizkizueke. Ideia berri eta elkarlana oinarri hartuta, zuen guztion beharra dugunez, bertan elkar ikustea espero dugu". 

Hitzordua, abenduaren 18an 19:00etan Aginagako Eliza Zaharrean. Proiektua landu duen Origami arkitektura taldeko kideen azalpenak jasoko dituzte bertaratzen direnek. Bertan burutuko diren hobekuntza lanen xehetasunak eskainiko dituzte. Horiek bideratzeko auzolan taldea sortu nahi da. Urteko plangintza ere aurkeztuko dute, Aginagako Jai Batzordeak eta Aginagako gazteek deitutako hitzordu honetan. Eliza Zaharra biziberritzeko lanean segi nahi dute, Aginagako Herri Elkargunea izateko egokitzea.