Igandean helduko da Olentzero Aginagara

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 20a, 09:23

Hasieran abenduaren 23rako iragarria zuten arren, hilaren 22ra aurreratu du hitzordua. Olentzero igande honetan bertan (abenduak 22) helduko da Aginagara. 18:00etan egingo diote harrera Sekaña inguruan.

Abenduaren 23rako zuten iragarria, guk ere NOAUA!ren gabonetako gehigarrian hala dugu berri emana. Baina aldizkari hau inprentara bidali aurretik jakin dugunez, egunbete aurreratu dute Olentzerok Aginagan egitekoa duen bisita. Ikazkina igandean, abenduaren 22an helduko da. 18:00ak aldera egingo diote harrera Sekaña parean. Trikitilariekin kalejiran jaitsiko dira Eliza Zaharreraino. Bertan, ikazkinak haurren gutunak bilduko ditu eta gaztain jana egingo dute.

“Niararen bidaia” antzezlana
Antxomolantxa Elkarteak antolatutako ikuskizuna abenduaren 30ean 17:00etan Aginagako ludotekan. Haur eta helduei zuzenduriko Patata Tropikala taldearen emanaldirako sarrera doakoa izango da. “Animatu zaitezte, primeran pasatuko dugu eta!".

Aginagako eskolakoak kantu-jiran
Oporren atarian dira Aginagako eskolako kideak. Ostiral goizeko (abenduak 20) 10:00etan irtengo dira gabon kantak abestera Aginagan barrena, ikasle, irakasle eta gurasoak. Gero gurasoek prestaturiko mokadutxoa dastatzekoak dira. Arratsaldeko 18:00etan talo tailerra eta dastatzea iragarri dute Aginagako Eliza Zaharrean.