Aginagak egin dio lehen harrera Olentzerori

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 23a, 11:01

Bidea argiztatu dieten herritarren eta astoaren laguntzaz heldu zen Olentzero igande iluntze honetan Aginagara. Eliza Zaharrerainoko bidea argitu eta erakutsi zieten haur eta gurasoek. Eliza Zaharrean etxeko txikienen gurariak biltzen aritu zen ikazkina.

Urtebete mendian lanean izan ostean agertu zen lehenbizikoz Aginagan. Txikienek urrunetik argi izpiak ikusi zituztenean hasi ziren Olentzerori deika. Euria eta haize bolada gogorrak izan arren, ikazkinak ez zuen hutsik egin eta igande arratsaldeko 18:00ak pasatxoan heldu zen Sekaña ingurura, bidea argiztatzen zieten laguntzaileekin eta astoarekin.

Bera goratuz egin zioten harrera ikazkinari Sekaña parean zain zituen aginagarrek. Menditik jaitsi berri zen ikazkina gogotsu eta arratsalde ona emanez, herri kaxkora nondik joan galdetu zien aginagarrei. Aginagarrek, baserritar jantziak soinean lagundu zieten Eliza Zaharreraino, trikiti doinuen artean.

Eliza Zaharrean sartu orduko, berehala zuen aurrean haurren ilara luzea Olentzerok. Etxeko txikienen gurariak biltzen aritu zen. Bitartean, txistor eta gaztain jan ederra egin zuten. 

DATOZEN DEIALDIAK
Abenduak 24, asteartea
09:00 Kantu-jira etxez etxe elizatik abiatuta. 15:00ak alderako Aginaga Kaxkoan.
Antolatzailea: Katekesi taldea.

Abenduak 30, astelehena
17:00 "Niararen bidaia" antzezlana Aginagako ludotekan.
Zehaztasunak: "Patata Tropikala antzerki taldeak "Niararen bidaia" izeneko antzezlana eskainiko du. Animatu zaitezte, primeran pasatuko dugu eta!".
Sarrera: doan.
Nori zuzendua: haur eta heldu orori zuzendua.
Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.

Arrate taberna itxita
Aginagako adinekoen elkarteko egoitza itxita egongo da hurrengo asteotan, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Abenduaren 20an ireki zuten azken aldiz. "Gabonen ostean jarriko da berriz martxan Arrate taberna. Etenaldiak ez dio eragingo eskola txikiko ikasleei ematen zaien jangela zerbitzuari", iragarri du Udalak.

Taberna ere data horren bueltan irekiko da, kudeatzaile berri batekin. "Esleipen prozesu bat jarri zen martxan, eta, horren ondorioz, kudeatzaile aldaketa izango da. Iazko udan kudeatzailerik gabe gelditu zen taberna, eta lizitazio prozesua jarri zen martxan, baina hutsik gelditu zen, inork ez zuelako proposamenik aurkeztu. Hilabete ingurura, proposamen bat iritsi zen udalera, eta kontratu txiki bat egin zitzaion, hori baitzen legeak ematen zuen aukera bakarra. Kontratu hori bukatzear zela abiatu zen esleipen prozesu berria udazkenean". Prozesu hartara aurkezturiko proposamenetako batek irabazi du lehiaketa.