Aginagako Eskolak bai, danborrada San Sebastian egunez

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 20a, 16:14

Zubietako Eskolak eta Udarregi Ikastolak San Sebastian egun honi aurre hartu eta aurreko ostiralean ospatu ostean, Aginagako Eskolak donostiarren egun handi hau hautatu du ikasleen danborrada saioa plazaratzeko. Ludotekan aritu dira, trebetasun handiz.

Donostiako mugetatik haratago ere danbor hotsak entzun dira gaur inguruotan; zehatzago esateko, Aginagako ludotekako oholtza gainetik. Aginagako Eskolak ohiko jardunean etenaldia egin du bazkalostean, emanaldirako egoki jantzi, danborra gerri bueltan lotu, eta makilak eskutan, San Sebastian Eguna ospatzeko. Fin asko aritu dira, txandatuz ikasleek zuzendu duten saioan. Senide eta lagunez inguratuta eskaini dute saioa.

Danborradak amaituta, negu garai honetako ospakizun gehiago izango dituzte ikastetxeek otsailean; Santa Ageda bezpera eta inauteriak.

Matrikulazio epea irekitzear
Ospakizunon ondotik, 2020-21 ikasturtera begira jarriko dira ikastetxeak. Urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra izango da izen emateak bideratzeko epea. Udarregi Ikastolaren kasuan, aldez aurretik, hilaren 25ean (larunbata) Ate Irekien Eguna antolatu dute, goizeko 10:30etan eraikin berriko jangelan. "Bertan, ikastolaren ezaugarriak eta funtzionamendua azalduko dira eta instalazioetan zehar ibiliko gara, ikastola ezagutzeko asmoz. Zatoz gure ikastola ezagutzera!", luzatu dute gonbita Udarregitik. 

Aipatu moduan, astebete barru, hilaren 27an zabalduko dute matrikulazio epea Udarregi Ikastolan, eta Aginaga zein Zubietako Eskoletan.

Aginagako Eskola 
Erriberako Kalea 7, 09:30-16:30 artean
Tlf: 943 372 044
Fax: 943 372 044
012261aa@hezkuntza.net
aginaga.eskolatxikiak.org

Zubietako Eskola
943 372 931
012219aa@hezkuntza.net edo zubieta@eskolatxikiak.org
www.zubieta.eskolatxikiak.org

Udarregi Ikastola
943 361 216
udarregi.eus


IKASTETXEETAKO DATOZEN DEIALDIAK
Urtarrilak 27-otsailak 7
2020-21 ikasturterako matrikulazio garaia ikastetxeetan.

Otsailak 4, asteartea
Santa Ageda bezperako ospakizunak ikastetxeetan.

Otsailak 21, ostirala
Inauterietako ospakizunak ikastetxeetan.