Kultur Bira

Dalton Anaiek borobildu dute bart Kultur Bira

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 1a, 07:16

Herrian barrena uztaila hasieratik jiran ibili den Kultur Bira bart borobildu zuten Aginagako Eliza Zaharraren atarian. 

Aulkitik mugitu gabe dantza batean jarri zituzten Dalton Anaiek bart Aginagako Eliza Zaharraren atarian eskaini zuten kontzertura joandakoak. Elektropapo elektrotxarangako kideen proposamen akustikoarekin akabo Kultur Bira, baina ez herri honi begirako kultur eskaintza. Donostiako 81. Musika Hamabostaldiko bi organo kontzertu programatu dira datozen bi igandeotarako Salbatore Elizan. Sarrerak orain arte bezala, usurbilkultura.eus atarian eskuratu ahalko dituzue.

Kultur Bira iruditan
Jira eta bira dabil euskal kultura Usurbilen barrena azken hilabete honetan; lehendik prekarizatua egon eta covid19-ak baldintza zailetan sakontzea eragin duen euskal sortzaileen sektoreari bultzada emanez, eta udako ohiko jai zein bestelako ospakizunik gabe geratu diren herritarrei, kultur eskaintza erakargarria plazaratzen.

Herriko musika taldeen kontzertuez gozatzeko parada izan da. Amebak, Malenek eta Maddik eta Mihisek estreinako kontzertuak eskaini dituzte, Natali edota Odolaren Mintzoa ere bidelagun izan ditu zikloak. 

"Birritan bortxatua" eta "Skratx" antzezlanak, Herri Kirolen Eguna, haurrei zuzenduriko altxorraren bila... Denetarik eta denontzako egon da ekitaldirik. Eta txoko ezberdinetan: Herriko Artixtek emandako aldi bereko hasiera hirukoitza Santuenean, Txokoalden eta Usurbilen... Santueneko karpa guneko kontzertuak, Urdaiagako ibilaldi gidatua, Zubietako bertso eta dantza saioak, Aginagako Eliza Zaharreko saioak...

Guztia, bizi dugun ezohiko testuingurura egokituta, herritarrak erabat errespetatzen ari diren prebentzio neurri zorrotzen artean. Formatu txikietan, eserlekuak elkarrengandik beharrezko segurtasun distantziara, eskuak garbituta, musukoak jantzita...

Ezohiko irudi dezente utzi dizkigu amaitzear den Kultur Birak. NOAUA!n jasotako irudiak ondoko kanalean bildu ditugu: https://noaua.eus/bereziak/kultur-bira

DONOSTIAKO 81. MUSIKA HAMABOSTALDIKO KONTZERTUAK
ABUZTUAK 2, IGANDEA
20:00 Loreto Fernandez Imaz organo jolearen eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoaren emanaldia Salbatore Elizan.
Zehaztasunak: "Couperin, Fauré, Messiaen, Guridi, Sorozabal eta abarren obra".
Sarrera: izen ematea itxita.
Edukiera: 95 lagun.


ABUZTUAK 9, IGANDEA
20:00 Pablo Mezzelani (instrumentu multietnikoak), Pedro Aguinaga (biolina) eta Loreto Aramendi (órgano) hirukotearen emanaldia Salbatore Elizan.

Zehaztasunak: "Franck, Duruflé, Liszt eta “Vientos y Piedras” (Armenia, Bolivia, Afganistan, Argentina, Txina, eta beste hainbat lekutako pieza tradizionalak)".
Sarrera: sarrerak eskuratzeko abuztuaren 7ra arteko epea. Usurbilgo herritarrentzat bakarrik.
Edukiera: 95 lagun.

Oharrak:
-Sarrerak aurrez eskuragarri usurbilkultura.eus webgunean.

Informazio gehiagorako:
943 371 999
usurbilkultura.eus