Ostalaritza hizpide

Aginagako Arrate taberna: “Datorrenaz pentsatzen hasi behar gara”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 17a, 09:24

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Aginagako Arrate tabernako Iñigo Eguilegor NOAUA!rekin. 

Nola eragin dizue pandemiak?
Iñigo Eguilegor: 
Itxita izan genuen maiatzera arte. Taberna bezala ireki genuen, jubilatu elkartea itxita dago. Jendea gogoz zegoen ateratzeko, egia esan oso ondo. Gero uste dut jendea atzera joan zela eta beldurra hasi zen berriz. Abuztua katastrofikoa izan da. Oraindik ez da jende asko atera eta ez da etorri. Ireki dudanetik barrura 20 bat pertsona sartu direla esango nuke. Taberna handia da baina jendeak ez du sartu nahi, beldurra du. Terrazan esertzen da eta bertan zerbitzatzen dugu.

Sarritan aldatu duten araudiak nola eragin du zuen jardueran?
Nik ez dut nabarmendu eraginik. Taberna atariko eremu osoa hartu dut terrazarako. Itxita zegoenez, eskolarekin hitz egin nuen ia baimena ematen zidaten haien atari zatia hartzeko. Orain ireki dute eskola, beraiekin partekatu behar dut eremua eta berriz hiru mahairekin geratu naiz.

Nolakoa da eskolarekin duzuen elkarbizitza?
Laguntzeko prest beti. Hemen bi elementu oso garrantzitsu daude; jubilatuak eta eskola. Taberna hau eskolako jangelagatik mantentzen da. Goizetan eskola da garrantzitsuena.

Nola aurreikusten duzu datorren udazken eta negua?
Urte hau katastrofikoa izango da. Ez dakigu hemendik bi hilabete barru berriz konfinatuko gaituzten edo ez. Zortea dut, taberna oso handia da etortzen den jendearentzako. Barra kentzen baduzu, datorrenaz pentsatzen hasi behar gara, laguntzak behar direla. Ezin da taberna bat mantendu aforo erdiarekin. Gastuak ere igotzen doaz; maskarak, gela…  erosi behar dira. Gastu piloa da, inork ez ditu horiek aintzat hartzen. Laguntza oso garrantzitsua da.

Gertuago erosketa bonuen egitasmoarekin bat egin duzue. Lagungarritzat jotzen duzu?
Usurbilen oso ondo dago erosketak sustatzeko, baina Aginagan denda eta taberna bakarra dago. Jubilatu batek erosi behar badu, Potxoenera joan behar du bonu bat erostera? Uste dut hemen beste gauza batzuk pentsatu beharko liratekeela. Beharra dago, baina nabarmenduko ez delakoan nago.

Egoera honetan ezinbestekoak diren bezeroei zer esan?
Eskerrak eman. Haiengatik ez balitz hemen ez nintzateke egongo. Beti esan dute Aginagak taberna behar duela eta taberna dagoenean, esfortzu handia egiten dute. Eguraldi oso onarekin hona etorri eta hemen geratzen dira. Badakite hau ixten bada besterik ez dagoela.