Agurtzear dugu ohiko jairik gabeko uda; halere, sortzaileei plaza eskaini eta herritarrei kultur hitzordu interesgarriak eskaintzeko lanetan aritu dira hilabeteotan hainbat eragile; kontzertuak, haur jolasak, antzezlanak, herri kirolak, ikuskizunak heldu nahiz gaztetxoentzat... Denetarik eta zaletu guztientzako hitzorduak ospatu dira, bizi dugun osasun krisialdira egokituta, eta herri eragile anitzek parte hartu dute antolakuntza lanetan.
Urria ate joka dugun honetan, uztaileko Kultur Biraren baitan ere hainbat ekitaldi bertan ospatu arren, San Praixkuak ate joka dauden honetan ez dute herriko jaiez ahaztu nahi izan eta Aginagako Jai Batzordetik adierazi dutenez, "aurtengo egoera berezi honetan, Agiñako gazteok, kultura eta herri bizi baten alde egindako egitarautxoa duzue hemengoa".
Izena aurrez eman
Haurrentzako Ene Kantak saioa, kontzertuen arratsaldea Ameba herriko talde berriarekin eta Unidad Alavesa talde ataundarrarekin. Eta borobiltzeko, aginagarren parte hartzea ere izango duen herri kirolen erakustaldia. Guztia, urriko lehen asteburuan; hilaren 2tik 4ra.
Hilabeteotako beste hainbat ekitaldien antzera, Aginagakoak ere bizi dugun osasun krisialdira egokituak egongo dira. Aforo mugatua izango dute. Horrekin batera, aurrez izena eman beharko da usurbilkultura.eus atarian. "Animatu eta etorri gure herrira!", luzatu dute gonbita Aginagako Jai Batzordekoek.
AGINAGAKO SAN PRAIXKUAK
Urriak 2, ostirala
18:00 Ene Kantak Ariztitxo frontoian.
Urriak 3, larunbata
18:00 Ameba eta Unidad Alavesa Ariztitxo frontoian.
Urriak 4, igandea
12:00 Herri kirol erakustaldia Ariztitxo frontoian:
-Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi "Kortaberri", Gorka Etxeberria eta Udane Ostolaza (15 urte).
-Aizkolariak: Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua.
-Hizlariak: Joseba Ostolaza eta Manuel Mari Galarraga.
-Trontzan eta lokotx bilketa: aginagar talde bat ere animatuko da parte hartzera.
Ekitaldiotarako sarrerak: usurbilkultura.eus
Oharra: aforo mugatua.
Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.