Ezohiko San Praixkuak

Aginagako asteburuko ekitaldietarako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 28a, 12:31
Egitarauan aldaketa bat egon da; Amebaren ordez Mihise taldekoek eskainiko dute kontzertua.

Urriaren 2tik 4ra haur ikuskizuna, kontzertuen arratsaldea eta herri kirolen erakustaldia antolatu ditu Aginagako Jai Batzordeak. Azken hilabeteotako gainerako kultur ekitaldien antzera, bizi dugun osasun krisialdira egokitzeko beharrezko prebentzio neurriak hartuta ospatuko dira. Hitzorduotarako izen ematea jada zabalik dago usurbilkultura.eus atarian.

Ez dira ospatuko ohiko jaiak, baina bizi dugun osasun krisialdira egokitutako zenbait hitzordu antolatzea erabaki du Aginagako Jai Batzordeak. “Egoera aztertu ostean, jasaten ari garen osasun krisialdiarekiko erantzukizun eta ardura osoz, gure ibilbideari etenik ez emateko eta festekin modu arduratsu batean aurrera egiteko erabakia hartu dugu”, adierazi dute Aginagako Jai Batzordetik.

Haur nahi helduentzako hiru ekitaldi antolatu dituzte urriko lehen astebururako. Osasun eta segurtasun neurri zorrotzen artean ospatu asmo dituzte festak baina “ez dira ohiko jaiak izango” ohartarazi dute. Uztailean zehar, besteak beste Aginagan ere ospatu zen Kultur Biraren eredua erreferentzia gisa hartuta, hitzorduok antolatzeko “protokolo zorrotza landu dugu”. Batetik, aforo mugatua izango dute ekitaldiek. Sarrerak aurrez eskuratu beharko dira usurbilkultura.eus atarian. Bertan izena eman eta antolakuntzak zozketatuko ditu. Emailez jakinaraziko dute bi egun lehenago, sarrerak eskatu dituenari txartelik egokitu zaion edo ez. Sarrera kopuru jakin bat aginagarrentzako erreserbatua egongo da, hauek Arrate Tabernan eskuratu ahalko dira.

“San Praixkuak arduraz eta neurriz ospatzeko aldarria egiten dugu. Aurtengoan, orain arteko ibilbidea eskertu eta gure jarduna hauspotzeko deia zabaltzen dizuegu, etorkizuneko Agiña osatzen jarraitzeko, guztien bultzada behar baitugu!”, adierazi dute Jai Batzordeko kideek.

EZOHIKO SAN PRAIXKUEN ASTEBURUA
Urriak 2, ostirala

18:00 Ene Kantak Ariztitxo frontoian.
“Ene Kantak proiektua Nerea Urbizu eta Urko Oskoz irakasleek osatu zuten 2011. urtearen hasieran. Haurrentzako euskarazko abesti berriak eta freskoak sortzen dituzte. Kanta hauen koreografiak eta mugimenduak haurrek beraiek sortutakoak dira”.
Edukiera: 150 lagun.
Izen ematea: irailak 30.

Urriak 3, larunbata
18:00 Mihise eta Unidad Alavesa Ariztitxo frontoian.
Edukiera: 150 lagun.
Izen ematea: urriak 1.

Urriak 4, igandea: San Praixku Eguna
11:00
Meza nagusia.
12:00 Herri kirol erakustaldia Ariztitxo frontoian:
-Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi "Kortaberri", Gorka Etxeberria eta Udane Ostolaza (15 urte).
-Aizkolariak: Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua.
-Hizlariak: Joseba Ostolaza eta Manuel Mari Galarraga.
-Agiñarrak ere kirolean: Trontzan, txingetan eta lokotx bilketan ere izango ditugu.
Edukiera: 80 lagun.
Izen ematea: urriak 1.

Ekitaldiotarako sarrerak: usurbilkultura.eus

Antolatzailea:
Aginagako Jai Batzordea.