Ostalaritza hizpide

Aginaga Sagardotegia: “Betiko bezeroak berreskuratu ditugu”

Noaua Aldizkaria 2020ko ira. 30a, 08:25

Covid19-arekin bizitzea tokatu zaigun lehen hilabeteez, Gertuago egitasmoaz edota aurrera begirakoez aritu da Aginaga Sagardotegiko Mikel Errasti NOAUA!rekin. 

Nola oroitzen duzue itxiera?
Hasiera batean astebeteko kontua izango zela pentsatzen genuen. Etxean geratu behar genuela esan zutenean, urduritasunez, kezkarekin, nola moldatu, jaki galkorrak ere baditugu. Itxi genuen egunean 500 lagunentzako erreserba genuen.

Txotx garai betean zineten.
Urtarrilean hasi arren, martxoa da lan gehien egiten den hilabetea. Aste Santuak zetozen gero, bai hotelean eta sagardotegian lana egiten da egun horietan. Genero gehiena kokatuta utzi genuen, hornitzaileak ondo portatu ziren.

Nolakoa izan da errealitate berri honetara egokitzea?
Buelta uste baino errazagoa izan da. Jende gutxiago etorriko da, baina leku handia dugu eta jendea sakabanatu dezakegu.

Zuentzako lan gehiago?
Errutina modukoa jartzea da; aulkiak pasa eta mahaiak, komunak ere sarritan garbitu... Txotxa irekitzeko zulodun kortxo batzuk moldatu ditugu, txotxak eta eskuak ez ukitzeko kanilak, jendea hartara txotxera altxa daiteke.

Mugimendu aldetik aldaketarik sumatu duzue?
Orain gehixeago. Lehen bi asteetan suabe hasi ginen lanean, gero pixka bat gehixeago… Egun betiko bezeroak berreskuratu ditugu, sarriago etortzen hasi dira.

Gertuago erosketa bonuen egitasmoak zer nolako harrera izan du zuenean?
Udaletxearen partetik ideia ona izan da. Bonuak bezeroak fidelizatzen laguntzen du.

Zer aurreikuspen dituzue hurrengo hilabeteei begira?
Hala segita nahiko txukun lan egingo dugu. Halere ezin lehengoko garaiarekin alderatu. Taldeekin lan egin izan dugu, autobusekin. Orain apenas etortzen diren. Baina egitura aldetik taldeei harrera egiteko nahiko espazio dugu. Urtarrila eta otsaila txotx garaia izan arren, nahiko tristeak izaten dira. Hurrengo urtean nork jakin. Topera lan eginda ere ez da izango lehen bezala. Bestela, orain dugun afororako oso ondo ari gara lanean.

Sektoretik behin eta berriz laguntza eskatzen da.
Arauetan koherentzia. Beste lekuetan ere egongo dira arazoak baina ez dira hainbestetan entzuten. Zentzuz jokatuta, bakoitzak bere aldetik jarriz gero arazorik ez luke egon behar. 

Zer esan bezeroei?
Lasai etor daitezela, ongi etorriak izango dira. Egiturak eta espazioak lagundu egiten digu eta gu dena emateko prest gaude.