Ezohiko San Praixkuak

"San Praixkuak arduraz eta neurriz ospatzeko aldarria egiten dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 2a, 08:41

Ezohiko jaien asteburuan murgiltzera doa Aginaga. Antolatzaileek eskatu dutenez, "San Praixkuak arduraz eta neurriz ospatzeko aldarria egiten dugu". Egitarauarekin batera kaleratu duten adierazpenean osasun krisialdi honetara egokituko diren 2020ko ezohiko San Praixkuekin "orain arteko ibilbidea eskertu eta gure jarduna hauspotzeko deia zabaltzen dizuegu, etorkizuneko Agiña osatzen jarraitzeko, guztien bultzada behar baitugu!!". Lerrootan antolatzaileen adierazpena osorik:

ANTOLATZAILEEN ADIERAZPENA
Herri batek arnasa hartzeko, egunerotasuneko bizia behar duen arren, urtero legez, Agiñatarrontzat urriak bestelako bizipoz bat dakar gurera. Gezurra dirudien arren, ostera ere urria gailentzear da eta heldu da gure uzta nagusia jasotzeko garaia. 2020arekin batera, ustekabeko aldaketak heldu zaizkigun arren eta nahiz eta espero gabeko oztopoak sortu izan, nabaria da halakoetan, herri baten izaera are eta gehiago definitu ohi dela. Eta elkarlana eta solidaritatea oinarri hartuta, aurrera jarraitu beste aukerarik ez da izaten. Horren adibide da gure herria.

Aurtengoan, aurreikusi gabeko zailtasunak gaindituz, Agiñako Gazteok Eliza Zaharra egokitzeko lanei ekin diegu. Herritik eta herriarentzat abiaturiko proiektu honen bitartez, urte askotan alboratua izan zen gune berezi hau biziberritzeko indarrak batu ditugu, ilusio betez Agiñatar guztiontzat eskuragarri izango den Herri Elkarguneari forma ematen jarraitzeko asmotan. Eta beste behin, herriak eta proiektuarengan sinesten duen orok eskainitako babes eta laguntza guztiagatik erabat eskertuak gaudela azaldu nahi genuke. Mila esker guztioi, bene-benetan!

Honez gain eta aurretik lan asko dugun arren, San Praixkuak gainera jauzi zaizkigunez, urteroko hitzorduari erantzun behar izan diogu. Gure jaiak, urte hauetan guztietan landutako balio eta herri bizi baten aldeko apustuaren aldarri direla uste dugu. Eta egoera aztertu ostean, jasaten ari garen osasun krisialdiarekiko erantzukizun eta ardura osoz, gure ibilbideari etenik ez emateko eta festekin modu arduratsu batean aurrera egiteko erabakia hartu dugu.

Beraz, egoerak hala baldintzatuta, jarraian aurkezten zaizuen egitaraua osatu dugu. Dosi txikiagoan izanda ere, guztiontzat gozagarri izango diren egunei itxura ematen saiatu gara. Eta beste behin, San Praixkuak arduraz eta neurriz ospatzeko aldarria egiten dugu. Aurtengoan, orain arteko ibilbidea eskertu eta gure jarduna hauspotzeko deia zabaltzen dizuegu, etorkizuneko Agiña osatzen jarraitzeko, guztien bultzada behar baitugu!

Honenbestez...

Hemen datoz aurten ere, herritik eta herriarentzat sortutako San Praixkuak! Eraiki ditzagun harreman sanoak, elika dezagun etorkizuna, zaindu dezagun elkar eta zaindu ditzagun gure bazterrak! Jai parekide, osasuntsu, arduratsu eta parte-hartzaileen alde, gora Agiña eta agiñatarrak! 

Gora San Praixkuak!

Aginagako Jai Batzordea-Agiñako Gaztiak