Ezohiko San Praixkuak

Eliza Zaharra guztien elkargune izateko auzolanean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 2a, 08:38

Ezohiko San Praixkuetan murgiltzear da Aginaga urriko lehen asteburuan. Bizi dugun osasun krisialdira egokituriko hiru hitzordu prestatu ditu Jai Batzordeak hilaren 2tik 4ra. Festen eremua ordea Ariztitxo frontoira mugatuko du, eta Eliza Zaharra hitzorduotatik kanpo geratuko da. Lerrootan ordea protagonista dugu Aginagako Herri Elkargunearen egoitza, auzolanean berritzen jarraitzen baitute aginagarrek.

Eliza Zaharreko hormak bistan utziz hasi zituzten lanok duela urte batzuk. Gerora moldaketa lan gehiago bideratu zituzte; oholtza zela, berrikuntza txikiak, margoketa lanak… Lurzorua berritzeko beharra ikusi zuten. “Inflexio puntu bat izan zen. Lurzorua gaizki zegoela ikusten genuen. Lurra altxa eta berria jartzeko une horretan gelditzea erabaki genuen”.

Lurzoru berria jarri eta gero azpiegiturak berritzea erabakitzen bazuten? Aurrera jo aurretik, Origami herriko arkitektura taldekoekin hartuemanetan jartzea erabaki zuten, “eta guk eskatuta, gure beharren araberako proiektua diseinatu ziguten”.

Lehengoratzen
Faseka banatua dago egitasmoa, lehenengoa udan bideratzen hasi ziren; azpiegiturak berritzeko lanak. “Lurra dena txikitu, ur eta argindarraren hodiak pasa eta lur berria jarri” eta horrekin batera, “sakristiko leihoa zena beheraino ireki eta masarekin txukun hartuta” zenbait berrikuntza lan egin dituzte. Bigarren fasean komuna egokitzea izango dute helburu. Origamik diseinaturiko proiektuak lehen bi faseak definituak ditu, oinarrizko faseak dira. “Hortik aurrerakoak oraindik definitu gabe daude ze akabera, ze material izango dituen…” Aurrerago erabakiko dute. Baina bideratzeke izan ditzaketen lanen hurrengo balizko urratsen berri aurreratu digute. “Garrantzitsua sakristiko atea, frontoiko ezker pareta bota eta sakristiraino arrapala batez hemengo maila berdinean joatea eta gero plataforma bat atarian irisgarria izateko”.

Auzolan hau lehengoratze lan bat ere bada. “Garai bateko zimitorioa zen moduan, berreskuratzea” dute helburu baita.

Guztia, Eliza Zaharra gune irisgarrian bilakatzeko, belaunaldi ezberdinetako aginagarren bilgunea izateko. “Finean irisgarria izango den eraikina egitea, beharrezko ekipamendu guztiarekin, denentzat, herri osoarentzat, denetariko ekimenak antolatzeko, ume, heldu eta denontzat”. Azken urteotan bide hau jorratu dute Eliza Zaharrean; San Praixkuetako kontzertu edo ekitaldi zehatzak antolatzeaz gain, azken urteotan Eskola Txikikoek baliatu dute gunea hainbat emanaldi eskaintzeko edota bertan proiektatu zuten duela bi urte, Aginagan grabaturiko “Oreina” filma.

Atzerapena
Covid19-ak egitasmoa baldintzatu du. Sustatzaileek NOAUA!ri adierazitakoaren arabera, izatez “Aste Santuetan lehenengo fasea bideratzeko asmoa genuen eta bigarrena abuztuan”. Lehenengoa ordea udan hasi dira bideratzen eta ez dago oso argi noiz heldu ahalko dioten hurrengo faseari. “Data zehatzik ez dugu, agian urte amaiera honetan egin ahalko dela planteatzen da, baina ez dago zehaztua”.

Auzolan egitasmo honetan “gehienbat jai batzordeko kideok ari gara, baina herriko jende asko laguntzeko prest agertu da hasieratik”. Eskerrak helarazi nahi dizkiete, laguntzen ari diren guztiei. Modu berezian eskertu nahi dituzte; Terri, Iruarkaitzeko Felix Aranguren, Larburu garraioak edota Iñaki Errekondo.