Ezohiko San Praixkuak

Herri kirol erakustaldi bikaina San Praixkuak agurtzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 5a, 11:02

Igande eguerdian amaitu ziren aurtengo San Praixku bereziak, eta aurtengo programazioa ixteaz herri kirol erakustaldia arduratu da. 

 

 

Punta puntako harrijasotzaileak eta aizkolariak aritu dira lanean: Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi “Kortaberri”, Gorka Etxeberria eta Udane Ostolaza. Azken horrek 15 urte besterik ez ditu, baina adinak ez duela axola erakutsi du neska gazteak 50 eta 70 kiloko harriak behin eta berriz sorbaldara igota. Aizkolariak ere aski ezagunak: Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua. Zortzina enbor erdibitu dituzte aizkoradaka arinetan. 

Erakustaldiarekin behin amaituta, aginagarrak gehitu zaizkie profesionalei, herrian kasta badutela erakustera. Lokots biltzen eta trontzan aritu dira bi taldetan. Bost itzuli egin dituzte profesional eta aginagarrek osatutako bi taldeek: lehenik harria jasotzen, trontzan gero, aizkoran ondoren eta lokots amaitzeko. Zein baino zein aritu dira bi taldeak. Amaieran, Udane Ostolazak harri borobila sorbaldan hartuta eman dio amaiera erakustaldiari, bai eta San Praixkuei ere.