Izen ematea itxita

Orbeldik biharko emanaldirako entsegua antolatu du gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 26a, 09:54

Herriari ohore egingo dion ikuskizuna plazaratuz agurtu nahi dute Orbeldi Dantza Taldekoek oso zaila izan den 2020. urte hau; "Soka Dantzan" saioa eskainiko dute igandean, abenduaren 27an Oiardo Kiroldegian. Bezpera egun honetan, entsegu irekia deitu dute Aginagako frontoian. Hitzordu baterako zein besterako izen ematea itxita dago.

Herriari ohore eginez dantzan agurtuko dute Orbeldikoek ezohiko 2020. urtea abenduaren 27an. “Hain ezengonkorra den testuinguru honetan, Orbeldi Dantza taldeak Soka Dantza eskaini nahi die bere bizilagunei. Ohorezko dantza honekin, egoera honen aurrean elkarri helduta batasunean lan eginda aurrera goazela transmititu nahi dugu. Ohiko dantza ziklo bat Orbeldiren begiradatik moldatua taularatuko dugu”, iragarri dute herriko dantzariek.

Emanaldirako hitzak eta bertsoak taldeak berak sortuak izango dira; aurreratu digutenez Usurbilgo Txistulariak izango dituzte bidelagun. Adi, herritarrei zuzenduriko bi hitzordu deitu dituzte; entsegu irekia eta emanaldia urteko azken astebururako. Bi hitzorduotarako izen ematea itxita dago jada.

Abenduak 26, larunbata
12:00 Entsegu saio irekia Aginagako frontoian.
Edukiera: 117 lagun.


Abenduak 27, igandea
18:30 "Soka Dantzan" emanaldia Oiardo Kiroldegian.
Edukiera: 105 lagun.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.

"Ezker begira, eskuin begira
herria martxan ari da.
Hari berean josi gaitezen
eta herriari tira"