Urak eta Añarbek Aginagako saneamendua egitea adostu dute: 6 miloi euroak gaindituko ditu obrak

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 19:22

Añarbeko Urak-ek eta Ur Agentziak 6,26 milioi euro inbertituko dituzte azken honek ekainaren 7an lizitatu dituen Aginagako saneamenduko obrak egiteko. Lanak amaitu ondoren, hondakin-uren isurketa guztiak ezabatuko dira Oria ibaiaren beheko ibilgura. 

Saneamenduko obra horiek amaitzen direnean, Aginagako hondakin-urak konektatuta egongo dira Usurbil-Lasarte-Oria-Hernani hodi-biltzaile nagusira, eta Donostiako Loiola auzoan kokaturik dagoen araztegira garraiatuko dituzte. Bertan, tratatu egingo dituzte eta ondoren, Monpaseko urpeko hustubidetik, itsasora isuriko dituzte. 

Obren helburua da Usurbilgo Aginaga eta Txokoalde auzoetako hondakin-urak jasotzea; gaur egun zuzenean Oria ibaira isurtzen direnak. Horretarako, ibaiarekiko paraleloan joango den kolektore berri bat jarriko dute. Aginagako eremu baxuenetik irtengo da, Txiñortatik, eta Usurbil-Lasarte Oria-Hernani hodi-biltzaile nagusiarekin konektatuko dute Usurbilgo Zumartegi poligonoan. Hondakin-uren bi ponpatze-estazio berri eraikiko dituzte horretarako, Txokoalden eta Aginagan, eta 4.263,99 metro luzera izango dituen kolektore-sare bat.

Ponpatze-estazio berriak eta kolektore nagusiak Añarberen kontura izango dira, eta sare sekundarioen kudeaketa, berriz, udalaren kontura izango da. Obren lizitazio-aurrekontua 5.412.372 eurokoa da eta 21 hilabeteko egikaritze-epea du. Ur Agentziak finantzatuko ditu % 60an eta Añarbeko Urakek %40an.