Aginagan lapurtutako moxala agertu da

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 17a, 08:34
Argazkia: Urtzi Odriozola.

Ekainaren 23an Aginagan lapurtu zuten moxala agertu dela berri eman du, bere desagerpena salatu zuen Twitterreko erabiltzaile berak. Ereñotzun agertu omen da.

Desagerpen kasu baten amaiera pozgarria. Ekaina amaieran jakinarazi zioten hedabide honi Aginagan moxal bat lapurtu zutela. Ia hiru hilabete beranduago agertu dela berri eman dute.

Urtzi Odriozola Twitterreko erabiltzaileak plazaratu zuen salaketa. "Moxala lapurtu zioten lehengusuari Aginagan (Usurbil), ekainaren 23an". Animaliari buruzko zenbait zehaztasun ere eskaini zituen. "Arra da, marroia ile beltzarekin eta orbain zuria du kopetean. Orain bi hilabete inguru ditu". Norbaitek zerbait jakinez gero, mezu bat idaztea eskatzen zuen.

Ia hiru hilabete igarota berri eman du Odriozolak berri pozgarria. "Bi hilabete ostean lapurtutako moxala agertu da (beste batekin batera) Ereñotzuko bazter batean". Gaineratu duenez, "aurpegiko marka zuria iluntzen ere jardun zuten nonbait...". Albistearen zabalkunde lanak egin zutenak eskertu ditu.