Udal aurrekontuak

Aginagan eta Munalurran gaur, 2022ko udal aurrekontu proposamenaren aurkezpenak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 10a, 10:09

2022rako udal gobernu taldeak landutako aurrekontu proposamena auzoz auzo aurkezten ari da.  Atxegalden, Santuenean, Zubietan, Kalezarren eta Txokoalden hasitako errondari segida gaur Munalurran eta Aginagan.

2022rako udal gobernu taldeak bideratzea aurreikusten dituen egitasmoen berri izan eta ekarpenak egiteko aukera dute herritar eta eragileek egunotan. Auzoz auzo aurkezten ari dira udal gobernu taldeko kideak hurrengo urtera begira, zertara bideratu nahi duten herri honen dirua.

Horretarako, bilera erronda deitu dute aste osorako. Astelehenean hasi zuten zikloa, Santuenekoa yogako lokalean, Zubietakoa Kaxkapen. Estreinakoz Atxegalde auzora begirako aurkezpena ere egin zuten Udarregi Ikastolako jangelan. Txokoalde eta Kalezarren txanda izan zen asteartean. Gaur (azaroak 10) bilera bana deitu du udal gobernu taldeak Aginagan eta Munalurran.

"Auzotarren beharrak ezagutzea ere izango dute helburu" saiook, ohartarazi dute deitzaileek. Datorren urterako aurrekontu proposamena aurkeztu eta herritarren ekarpenak biltzeaz gain, oposizioarenak ere jaso asmo dituzte. Hilabete amaierako udalbatzarrean "behin-behinean onartzea" aurreikusten dute.

2022rako udal aurrekontu proposamena
Aurkezpen saioen erronda

Azaroak 10, asteazkena
18:30 Aginagakoa Eliza Zaharrean, Etxealdiakoa Potxoenean eta Munalurrakoa Eguzki elkartean.

Azaroak 11, osteguna
18:30 Kaxkokoa Potxoenean.

Deitzailea: udal gobernu taldea.