"Bost minutun" antzezlana igandean Aginagan

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 11a, 08:41

Helduentzako nahiz gaztetxoenei zuzenduriko bi antzezlan programatu dituzte datozen asteotarako Aginagako Eliza Zaharrean; "Bost minutun" hilaren 12an, eta "Botadun katua" abenduaren 18rako. Hitzorduotarako sarrerak aurrez eskuratu ahalko dira Aginagako Arrate tabernan.

KULTUR HITZORDUAK AGINAGAN
Abenduak 12, igandea
18:00 "Bost minutun" antzezlana Aginagako Eliza Zaharrean.
Konpainia: Txalo produkzioak.
Aktoreak: Itziar Urretabizkaia eta Andoni Agirregomezkorta.
Zehaztasunak: "Pablo Mir antzerkigile argentinarrak idatzitako komedia honek hiru denboraldi egin ditu dagoeneko karteldegitan eta bidean, sari ugari jaso ditu. Obra honek, umore klabean, ume bat izateko berantiar den bikote bati haurdunaldi baten aurrean sortzen zaizkion kezka eta beldurrak aztertzen ditu, eta, era berean, jaioberri horren inguruan sortzen diren fantasiak. Bost minutu esperoan, eternitatea izan daitekeen tartea Nekane eta Koldorentzat. Amildegira jauzi egiteko bost minutu, agian?Datorrena datorrela…".
Sarrera: 5 euro aldez aurretik, Arrate tabernan salgai.
Antolatzailea: San Praixku Guraso Elkartea.

Abenduak 18, larunbata
18:00 "Botadun Katua" antzezlana Aginagako Eliza Zaharrean.
Zehaztasunak: "Amona batek errota zaharreko trasteak banatuko ditu iloben artean herentzia gisa eta proba modura: umeetako bakoitzak gazteluko ateak irekitzea lortu beharko du jaso duen elementuaz baliatuta. Gazteluak aspaldi galdu zuen magia. Amonak ez du bere ilobek magia galtzerik nahi eta jolas honekin iloben irudimena eta kemena piztuko ditu. Amonak dioen moduan, ezina ekinez egina!

Charles Perraultek jasotako “Botadun Katua” ipuin klasikoaren moldaketa. Kantu eta dantzaz betetako antzezlan komikoa da Glu Gluren berria. Abentura eta jolasen bidez, ikusleak ipuin zaharren berreskuratze lanaren parte izango dira, denok elkarrekin, ipuin klasikoek merezi duten omenaldia egiteko".

Sarrera: 3 eurotan Arrate tabernan.
Antolatzailea: Antxomolantxa.