Olentzero gaur helduko da Aginagara

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 23a, 10:10

Ostiralean helduko da Usurbila Kalezartik barrena. Bezpera honetan ordea, abenduaren 23an Aginagara. Iluntzeko 18:00ak aldera egingo diote harrera Sekañako bidegurutzean.

Badator Olentzero, bidean da ikazkin ezaguna, etxeko txikienen eta ez hain txikien gurariak betetzera. Abenduaren 24an izango da noski, baina bezperan, lehenago helduko da Aginagara, ostegun honetan, hilaren 23an. Antxomolantxa elkarteak harrera ekitaldia antolatu dio. Iluntzeko 18:00ak aldera helduko omen da Sekañako bidegurutzera, eta berarekin Eliza Zaharrerainoko bidea osatuko dute. Aginagarren elkargune eraberrituan gutun bilketa eta gaztain jana ospatzekoak dira gero. Egun hau heldu aurretik kontuan izan; gutunak idatzi nahi dizkionak Arrate jubilatuen elkarteko tabernaren azpialdeko sarreran kokatua egongo den postontzian utzi ahalko dira baita.

Postontziak herrian zehar
Olentzerori gutuna idatzi nahi dionari egun gutxi batzuk baino ez zaizkio geratzen. Ostiral arratsaldean, abenduaren 24an egingo zaio harrera Usurbilen. Arratsaldeko 17:30etan helduko da Kalezarko Kaxkora eta handik kalejiran zeharkatuko du Kaxkoa Dema plazara heldu arte. 

Hitzordu horri begira, gutunak idazteko postontziak jarri ditu ikazkinari harrera egiteko ekitaldia antolatzen ari direnak; Usurbilgo Udalak, hainbat herri eragileek eta norbanakoek. Gune guztiotan utzi ahal izango dira Olentzerorentzako gutunak. Usurbilgo Kaxkoan: Lizardi eta Laurok liburu dendatan, Arruti harategian, Otar Goxon, N.I. ile-apaindegian, Artzabalen eta bihartik Sutegi udal liburutegian. Aginagan Arrate jubilatuen elkarteko tabernaren beheko sarreran. Santuenean bertako Gure Elkartea jubilatu elkartearen tabernan.

Postontzi guztiok ostiral goizera arte, abenduaren 24ra arte egongo dira aipatu toki guztiotan, "harik eta galtzagorriek eraman arte". 

Bolondresak behar
Aipatu moduan, arratsalde horretan egingo zaio harrera Olentzerori. Bidelagunez inguratua egingo du 17:30etan Kalezarko Kaxkoan hasi eta iluntzeko 19:00ak aldera Dema plazan amaituko duen ibilbidea. Aliprox pareko biribilgunera jaitsiko da Kalezartik, gero Errekatxiki eta Puntapax kaleak zeharkatu ostean Mikel Laboa plazara heldu eta frontoi paretik Dema plazara helduko da. "Bil daitekeen jende kopurua tarteko, kalean izan arren, segurtasun neurriak" betetzeko deia egin dute. "Distantzia mantendu, eta ezin denean musukoa janztera".

Hilaren 24ko ekitaldia ospatu ahal izateko laguntza behar du antolakuntzak. "Olentzerori herrira jaisten laguntzeko boluntarioak" behar dituzte. Inor animatuko balitz, asteazkenean, abenduaren 22an 19:00etan Potxoenean egingo den bilerara agertzeko deia egin dute.