Alejandro Tapia Aiestaran, aginagarren gogoan bizirik

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 26a, 13:56

Oroimen ekitaldi batekin duela bost urte zendutako margolari aginagarra gogoan bizirik izaten segitzen dutela adierazi du antolakuntzak, Aginagako Jai Batzordeak.

Zendu zenetik bost urte bete dira baina gogoan bizirik du Aginagako herriak. Eta hala izaten segitzea nahi dute. "Oroitu dezagun Alejandro gure artean balego moduan", zioten igande eguerdi honetan Aginagako Eliza Zaharrean bertako Jai Batzordeko kideek. 2016an egunotan zendutako Alejandro Tapia Aiestaran margolari aginagarra oroitu nahi izan dute, hil zeneko bosgarren urtemugan.

Bere irudiak proiektatu dituzte, Ane Azkonobietak eta Mikel Alkortak trikiti doinuez girotu dute oroimen ekitaldia. Izatez, omenaldia Tapia bera bizi zela egin baitzioten. "Artista asko agurtu ostean famatzen direla esaten da baina uste dugu Aginagako semea zenak gure artean zenean, bere ibilbidean zehar herriari eman zion horren fruituak jaso zituela". Eta gaurko hitzorduaren bidez, "egungo Aginagako Jai Batzordeko kideok urte luze hauetan eskaini ziguna gogora ekarri nahi genuen ekitaldi xume honekin". 

"Bere aletxoa jarri zion herriari"
Bizi zela Aginagako herriari eginiko ekarpena goraipatu nahi izan dute. "Badakigu gutako asko baino lehenago hasi zela Alejandro bera Aginagako festa giroan eta egunerokotasunean ekarpenak egiten, inork eskatu gabe gainera. Bere aletxoa jarri zion herriari eta horren adierazgarri zen bere konpromisoa". Hark utzitakoari helduta pozik agertu dira Aginagako gazteak. "Zorionez guk ere bere pasio eta jakintza hori partekatu eta jaso genuen, eta pozik gaude horregatik". 

Alejandrorengandik berritu bai baina iraganari izkin egin gabe, "lehen zenari ere merezitako lekua eman behar zaiola" jaso zutela diote, auzolanean elkarrekin jorraturiko bidean. Horren adibidetzat jarri dute, oroimen ekitaldia ospatu duten eta urteotan auzolanean eraberritzen aritu diren Aginagako Eliza Zaharra. "Eraikinean hutsune eta gorabeherak ikusi genituen eta berak ulertarazi zigun eraikinaren zauriak zirela horiek, eta hauek mantentzeak bere garrantzia zuela. Horrexegatik gaur egun ikusten dituzue bistaratuak marka horiek guztiak".

Garai bateko Aginagaren zati izan eta lankidetzan eraberrituriko eraikina nola geratu den "gustura partekatuko genuke berarekin" adierazi dute, berari esker ere gauzaturiko proiektua izan dela nabarmenduta.