Egungo Jai Batzordearentzat Atxegaldeko azken festak, abuztuaren 23tik 25era

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 19a, 09:43

Ezin bereziagoak izango dira datozen abuztuaren 23tik 25era Atxegalden ospatuko diren jaiak antolatzaileentzat. Sare sozialen bidez azken orduotan iragarri duenez, "Jai Batzordeak aurtengo festekin amaitutzat ematen du bere ibilbidea". Errelebo beharrean dira, eta horretara, antolaketa lanetara animatzen dituzte kide berriak, ez baitute festak desagertzerik nahi.

Atxegaldeko jaien etorkizuna kolokan da. Jai Batzordeak azken orduotan sare sozialen bidez iragarri duenez, "aurtengo festekin amaitutzat ematen du bere ibilbidea". Egungo kideak batzordea uztera doaz, baina ez lukete abuztuko azken asteburuko jai giroa betiko itzaltzerik nahi, kide berriak antolaketa lanen ardura bere gain hartzera animatzen dituzte. 

Esan beharrik ez honenbestez, abuztuaren 23tik 25era antolatu dituzten aurtengo festak ezin bereziagoak izango dira Jai Batzordeko kideentzat. Festei 2020an segida ematea nahi lukeenak aurtengoa du antolaketa lanetan murgiltzen hasteko aukera ederra. Laguntza beharrean da Jai Batzordea, azken orduotan sare sozialen bidez zabalduriko mezu honetan berri eman duenez:

"Aurten ere bueltan gara! Abuztuaren 23, 24 eta 25 ean auzoko festak ospatuko ditugu, eta zuen laguntza eske gatoz. Aurtengoan, antolakuntzan jende gutxi gaudenez, edozertarako laguntza eskertuko genuke asteburu guztian. Bestalde, jai batzorde honek aurtengo festekin amaitutzat ematen du bere etapa. Inork antolaketaren ardura hartu nahiko balu, prest geundeke edozertan laguntzeko. Beraz, hurbildu lasai gutako edonorengana; uztera goaz, baina asko poztuko ginateke hurrengo urtean ere Atxegaldeko festak bueltatuko balira. 

Horiek, dena den, festen osteko kontuak dira. Aurten ere saiatuko gara auzotar eta herritar guztientzako moduko festak egiten. Gora Atxegaldeko festak!!"


ATXEGALDEKO JAIAK
Abuztuak 23, ostirala
17:30 Kalejira poteo musikatua herrian zehar Matraka Elektrotxarangarekin. 
20:00 Txupinazoa eta luntx mundiala.
Ondoren, buruhandiak.
23:30 Kontzertu gaua: Mihise, Iñorkiñak, Larrian Gozo. 

Abuztuak 24, larunbata
11:00 Umeen goiza: jolasak eta opari banaketa. 
16:00 Mus txapelketa
(15:30-16:00 muserako izen ematea).

18:00 Bubble Soccer, haurrentzako jokoa.
Segidan, txokolatada eta buruhandiak.
21:00 Herri afaria. Mikel Alkorta eta Ane Azkonobieta musikariek lagunduta (txartelak Artzabal, Bordatxo eta txirristran salgai 15 eurotan).

Gauean:
 Laket, DJ Nemux. 


Abuztuak 25, igandea
11:30 Toka txapelketa.
Jarraian, haragi, txorizo eta salda banaketa.

17:00 Mastertxeff txiki; sukaldari lehiaketa.
18:30 Bertso musikatuak.
Bertsolariak: Alaia Martin, Oihana Iguaran, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” eta Beñat Gaztelumendi.
Gai Jartzailea: Haritz Casabal “Kazz” Musikariak: Gari Otamendi (bibolina) eta Ixak Arruti (kitarra). 
22:00 Azken traka.
Antolatzailea: Atxegaldeko Jai Batzordea.