Kultur Bira

Euria tarteko, Atxegaldeko ekitaldiak lekuz aldatuak

Noaua Aldizkaria 2020ko abu. 29a, 11:38

Dugun eguraldia tarteko, lekuz aldatu behar izan ditu antolakuntzak Atxegaldeko Kultur Biraren baitan larunbat honetarako iragarriak zituen ekitaldiak; Udarregi Ikastolara eta Oiardo Kiroldegira.

Nuria gogotik izango dugula iragarria dagoen larunbat honetan bertan egokituko dira Kultur Birako Atxegaldeko ekitaldiak. Ohiko jaiak ospatu behar zituzten asteburu honetan, bizi dugun osasun krisialdia tarteko ordea bertan behera geratu dira. Ezohiko testuinguru honetara egokituta uztailean zehar herrian jiran ibilitako Kultur Birara batu da Atxegalde. 

Larunbat honetarako (hilak 29) lau hitzordu antolatu dituzte. Laurak Atxegaldeko jaietako plazan edota Udarregi Ikastolako patio biribilean ospatzekoak zituzten. Euria tarteko ordea ekitaldiok lekuz aldatu behar izan dituzte. 

Atxegaldeko Kultur Birako hitzorduak beraz guneotan ospatuko dira:
-Haurren marrazki txapelketa eta bertso musikatuen saioa Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.
-Mus txapelketa ikastolaren eraikin gorriko beheko frontoietan.
-Kontzertu gaua Oiardo Kiroldegian.

Prebentzio neurri zorrotzekin
Joan den hilabetean gogoratu izan dugun moduan, bizi dugun osasun krisialdira egokitua izango da festa egun hau. Formatu txikian ospatuko dira ekitaldiok; edukiera mugatua izango dute. Beharrezko prebentzio neurriak hartuko ditu bai antolakuntzak bai hitzorduotan parte hartu nahi dutenek. Hitzorduotarako izena aurrez eman beharra zen, usurbilkultura.eus atarian, hilaren 27a baino lehen (mus txapelketarako izena hilaren 28ra arte zenbait tabernetan). "Animatu antolatutako ekitaldietara!", luzatu dute gonbita.

Gogoan izan, lehenbizi web orri horretan erregistratu eta gero parte hartu nahi zenuen ekitaldietarako izena eman beharra zegoen, abuztuaren 27a baino lehen. Segidan antolakuntzak sarreren zozketa egin eta emailez jakinarazten du txartelik egokitu zaion edo ez izena eman duen bakoitzari.

Txartela inprimatuta edo mugikorrean izanda joan beharko duzue ekitaldietara eta musukoa jantzita. Hortik aurrera, ekitaldien gunean antolakuntzaren argibideak zorrotz jarraitu beharko dira.