Kultur Bira

Bertsolarien belaunaldi berriak musikatu du, festarik gabeko Atxegaldeko plaza

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 28a, 20:48

Indartsu datorren bertsolari gazteen belaunaldiak girotu du larunbat arratsaldea, asteburuan zehar Atxegalden ospatzen ari diren Kultur Bira.

Abuztuko azken asteburu honetan Atxegaldek jai giroan behar lukeela gogorarazi digun ahots eta irudi sorta segidan. Bigarren urtez, covid19aren eraginez ez ohiko festak ospatu eta gainerako auzoen antzera, Atxegaldek ere Kultur Birarekin bat egin du.

Ostiraleko haur jolasekin batera, auzoko plazan ospatu den ekintza bakarretakoa dugu larunbat arratsalde honetakoa. Plaza bertsolari gazteen belaunaldiak hartu du; Maddi Aiestaran Iparragirre, Aner Euzkitze, Asier Ibarguren Amondarain eta Julene Iturbe Epelde laukoteak. Gai-jartzaile lanetan aritu da Jone Makazaga.

Besteak beste, Usurbilgo historian ate joka dugun urtemuga latz bati abestu diote; irailean 85 urte beteko baitira, 1936ko gerraren testuinguruan, udalerri honetan tropa faxistak sartu zirenetik. Gaurkotasun handiko beste hainbat gai ere -covid19ari aurre egiteko txertoa, edota LGBTIQ+ kolektiboa ere- hizpide izan dituzte bertso saioan zehar.