Miguel Indurainen eskutik ireki du Saizar Sagardotegiak 2020ko txotx denboraldia

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 10a, 21:50

Urte berriarekin batera hasi da sagardotegietako erromesaldia. Sagardo berria txotxetik dastatzeari ekin diote ostiral iluntze honetan Saizar Sagardotegian, bertan ospatzen ari diren jaialdiarekin. Urtero aurpegi ezagun bat gonbidatzen dute txotx irekierari ekiteko; aurtengoan, Miguel Indurain txirrindulari ohiak izan du "hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" adierazteko ohorea.

Telebista, irrati nahiz egunkarietako hainbat kazetari eta argazkilariek jaso dute unea. Saizar Sagardotegiko kideekin, Euskal Herrian nahiz espainiar estatuan ezagunak diren eremu ezberdinetako aurpegi ezagunekin eta Usurbilgo nahiz inguruetako beste hainbat sagardo zaletuekin heldu da Indurain txotx irekiera ekitaldira. 

Azken urteotako ohiturari jarraiki Julian Iantzik aurkeztu duen ekitaldian aurreskua dantzatu diote eta lehen sagardo tragoa txotxetik zerbitzatuta, Indurainek edalontzia altxata "hau da Usurbilgo Saizar sagardo berria!" adieraziz estreinatu du Saizarrek 2020ko txotx denboraldi berria. 

Sagardotegiko kupela ezberdinetan aurtengo edari berria dastatzen aritu ostean afaritarako bildu dira. Aipatu moduan, kultura, politika, gastronomia nahiz kirol munduko aurpegi ezagun asko batu ditu hitzorduak; Euskal Herrikoak nahiz Madril aldetik etorritakoak. "Ekitaldi honen helburua ez da bakarrik Usurbilgo sagardo berria dastatzeko aukera izatea. Baita ere, kirola, kultura eta gastronomiaren fusioa lortu nahi dugu, festa alai eta giro on batean murgildurik, sagardoaren usainpean. Ikuskizun eder eta alaia sagardoaren inguruan, lagun arteko giroaz gozatzeko".