Koronabirusa

Festarik gabeko asteburua Kalezarren: "Antolaketa lanak ia amaituak genituen"

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 19a, 09:35

Covid19-agatik izan ez balitz, festa giroan murgiltzen lehena izango zen urtero moduan Kalezar. Asteburu honetan bertan hasiko zituzten jaiak. Aurtengo ediziorako antolaketa lanak ere oso aurreratuak zituzten; baina osasun krisialdia tarteko, Jai Batzordeak ospakizunak bertan behera uztea erabaki du. Auzo giroa suspertzeko ahaleginetan segitzen dute ordea, lerrootan adierazi digutenez.

Konfinamenduak antolaketa lanetan harrapatuko zintuzten.
Kalezarko Jai Batzordea: 
Antolaketa lanak ia amaituta; baimenak eskatzen hastear, musika taldeak ia guztiz lotuak... Festak bertan behera geratzen zihoazela ikusten ari ginen. Azken unera arte itxaron nahi izan genuen, baina deseskalatze faseekin hasitakoan, osasunaren alde egitea erabaki genuen. Garbi genuen kontzertuak ezingo genituela egin, San Juan sua bezalako ekitaldi tradizionaletako distantzien kontrolaren ardura gure gain ez genuela hartu nahi… Festak bertan behera uztea, ez ospatzea erabaki genuen.

Deseskalatzen joan arren, ez zenuten ikusten ohiko festak segurtasunez ospatzeko behar beste baldintzarik zegoenik.
Hori da. Guztiaren aurretik osasuna eta segurtasuna zegoen. Ez genekien egoera hau noiz arte luzatuko zen. Oraintxe 3. fasean gaude, gauza batzuk egin daitezke baina ez genekien jendeak nola erantzun zezakeen. Jaiak ez ospatzeko eginiko hautuari eustea erabaki genuen.

Antolaketa lanak noiz abiatzen dituzue?
Berez hiru bat hilabete lehenago, otsaila edo martxoa aldera. Aste Santuen bueltan hasi ginen. Gutxi gorabehera jai egitaraua eginda egoten da urtero, erdia baino gehiago itxita genuen aurten.

Aurtengo prestaketak telematikoki bideratu beharko zenituzten. Antolaketa prozesua bera baldintzatu du?
Esperientzia desberdina izan da. Bilera hauek emankorragoak izan dira. Bat hitz egiten ari dela, aurrez aurreko bileretan baino errazago entzuten da. Modu berri honetara ohitu gara pixkanaka. Batek daki; hurrengo urtean oraindik agian, festak telematikoki prestatzen hasiko gara.

Ondo bidean, asteburu honetan hasiko ziren Kalezarko festak. Egunotan zertan arituko zineten?
Aste hau, ordu libreak ditugunean plazaren inguruan egoten gara, brigadakoak edo eskatutako materiala datorrenerako zain, oholtza eta txosna muntatzeko lanetan... Topera ibiltzen gara. Burua gehiago dugu Kalezarko festetan, gure ikasketa edo lanpostuetan baino. Aste hau berezia izaten ari da; orain gaude ez gabiltzala festetarako prestatzen.

Hutsunea nabariko duzue noski.
Guztiz. Kalezartik igarotzean, Pelaioenea eraikinean obretan daude, plazan inor ez dagoela ikusteak nostalgia puntu bat ematen du. Baina umorez hartzea hoberena.

____________________________________________________________________________________________
Auzo mugimendua sortzeko ahaleginetan
Zer nolako ekarpena egiten diete festek auzo giroari?
Kalezarko festek herriari ematen diena, batez ere tradizioa da. Ez dira bakarrik auzoetako lehenengo festak, oso jai tradizionalak dira, betiko festak; San Juan eskea, haurren oilasko biltzaileak, txosnan jartzen den giroa, sagardoa, musika, aspalditik guztiz errotua dugun San Juan egun borobila… Betiko festa giroa mantentzen saiatzen gara. Udako lehen festak izanik, jendeak poztasun handiz hartzen ditu.

Isiltasuna nagusituko da Kalezarren, jaiena behar zuen asteburu honetan. Konfinamendu asteetan bezala.
Egoera asko aldatu da Kalezarren azken hilabeteetan. Ugartondoko lanekin, Kalezarren trafiko handia sortu da. Kalean soinua nabari da. Urte ezberdina izaten ari da guztiagatik; trafikoagatik, Pelaioenea eraikina berritzen ari direlako, festarik ez delako izango... Espero dezagun aurten bakarrik izatea, datorren urtea beste hainbestekoa ez izatea.

2021erako festetan pentsatzen hasiak zarete? Edo nahiago duzue hurrengo urtera arte itxarotea?
Ez dugu ezer pentsatu datorren urtera begira. Aurtengoa pasatzea nahi dugu. Ez dakigu ezta zer ohitura sortuko diren, zer nolako arauak egongo diren, txosnak higiene kontuagatik baimenduak egongo diren, ze baliabiderekin... Batek daki. Azken aldian auzotar heldu, gazte eta haurrak elkartu nahian gabiltza, auzo mugimendu bat sortzeko, biltzeko, Kalezar biziberritzeko. Horretarako gogoa dago eta jendearen partetik prestasuna baita. Aukera izatea bakarrik falta zaigu. Ia covid19-ak gauzak antolatzen uzten digun.