Koronabirusa

Futbol jardunaldiak etenda bi astez

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 11:02

Covid19-a izaten ari den hedapena tarteko eta Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen neurri murriztaileen harira, datozen bi asteburuotako futbol jardunaldiak atzeratzea erabaki du Gipuzkoako Futbol Federazioak. Federazioaren oharra Usurbil F.T.-k helarazi dio NOAUA!-ri

Gipuzkoako Futbol Federazioaren jarduneko Batzorde Betearazleak “pertsonen osasuna babesteko eta zuhurtzia irizpideak jarraituz, erabaki du Gipuzkoako Futbol Federazioaren menpe dauden lehiaketa guztien hurrengo bi jardunaldiak atzeratzea”. Iragan asteburukoa (urriak 23-24) eta datorrena (urriak 31-azaroak 1), Eusko Jaurlaritzak “egoera epidemiologiko larrian dauden herrietatik ez sartu eta haietatik ez irteteko” aholkatu ostean. Gipuzkoan guztira 20tik gora udalerri ziren iragan ostiralean Federazioak erabaki hau hartu zuenean.

“Era berean, ez da lagunarteko partidarik baimenduko berriro jakinarazi arte”, iragarri du aipatu federazioak. Horrekin batera, Usurbil F.T.-k NOAUA!ri helarazi dion Federazioaren oharrak jasotzen duenez, “pandemiaren bilakaerak markatuko du lehiaketaren garapena”. Bilakaera horren araberako “erabakiak hartuko dira, betiere gure kirolarien osasuna lehenetsiz”.