Arrisku egoerak errei bat itxita duten N-634 errepidean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 19a, 09:03

N-634 errepideko errei bat itxita dago lanengatik Troia eta Txikierdi artean. Hainbat arrisku egoera bizi izan dira azken asteotan hain zuzen, Troiako bideak errepide honekin bat egiten duen puntuan.

Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzen segitzen du Foru Aldundiak. Tarte horretan, errei bat itxita dago. Semaforoek baimendu edo ukatzen dute ibilgailuen joan etorria. Eremu horretan Donostia aldetik etorriz gero Troia aldeko bidera sar daiteke. Baina alderantziz, bide horretatik N-634 errepidera ezin daiteke sartu, Donostia aldera joateko, Usurbil aldera etortzeko soilik. Azken asteotan, zenbait egoera arriskutsu ikusi dira errepide zati horretan, Troiako aldapatik Donostia aldera joateko sartzen direlako hainbat ibilgailu, seinaleek argi hala egitea eragotzi arren. Sarbide hori ez du semaforo batek kudeatzen, eta areagotu egiten du Usurbil aldetik Txikierdira nahiz alderantzizko  bidea egiten ari diren autoren batekin istripua izateko arriskua.

Beste bi hilabetez
Gogoan izan,  Txikierdi eta Troia lotzen dituen errepide honen mendi magala egonkortzeko lanetan ari da Gipuzkoako Foru Aldundia abendu hasieratik. Lanok tarteko, erreietako bat, Usurbil aldera etortzekoa itxita egongo da beste pare bat hilabetez. Semaforoek kudeatuko dute egunero 24 orduz, ibilgailuen joan etorria. Ohikoak bilakatu dira une batzuetan Bizkarre ingururaino heldu ziren auto-ilarak. Lanak hasi berritan gainera, zauritu bat eragin zuen istripu bat ere jazo zen lanen zonaldean. 

Pare bat ohar Troiako pasabideari dagokionean. Oinezkoentzat dakizuenez, errepidea zeharkatzeko semaforo bat jarria zegoen. Lanok iraun artean semaforoa ez da martxan izango. Bigarren oharra; Kalezarretik behera Troia aldera autoz doazenek, ezingo dute N-634 errepidera sartu Donostia aldera joateko. Usurbil aldera doan noranzko bidea baliatu ahalko dute. Aipatu moduan, Donostia aldera doan erreia ez.