Kalezarko hirigintza proiektuak etenik gabe aurrerabidean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 19a, 10:01

Ugartondoko etxebizitzek edota adinekoen auzuneko lanak aurrerabidean doaz. Kalezar eraberritze betean da.

Goranzko bidean, geroz eta garaiera handiagoa dute Kalezarren altxatzen ari diren eraikin berriek. Itxuraldatze betean segitzen du zonaldeak. Batetik, adinekoen auzunea dugu, garai bateko mojen konbentuaren lur eremuan. N-634 errepidetik edota Ugaldea industrialdetik nahiz Kalezartik bertatik ikusteko modukoa da lanen abiada. Handik hurbil, Ugartondoko babes ofizialeko etxebizitzak. Eraikitze lanak ere aurrerantz doaz. 

Gogoan izan, bi hirigintza lan hauen bueltan, ibilgailuen joan etorria egokitu beharko dela asteotan. Batetik, adinekoen auzune berriaren ondotik Txaparren-Berrira jaisteko bidea itxita egongo da, bi asteotan bertako horma eraitsi behar baitute.

Bestetik, Ugartondoko etxebizitzen ondoan Haur Eskolatik Pikaola aldera joateko bide zatia itxita egongo da hiru astez, bertan ere lanak egitekoak baitira. Ondorioz, Kaxkotik Haur Eskolara igotzeko aldapa noranzko bakarrekoa izango da, eta ermita pareraino igo ahalko da; hortik Haranerantz edo Kalezar erdigunerantz jo ahalko da. Usurbila jaisteko Kalezar zeharkatu beharko da.

Txirikorda diruz lagundua
Ugartondoko etxebizitzen eremuan kokatuko da etorkizunean Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren udal egitasmoa. “Exekuzio proiektua eginda, otsailean hasiko da lanak esleitzeko prozesua, 2021ean eraikitzen hasi, eta, hala, 2022 amaierarako martxan egotea nahi du udal-gobernuak”, Udalak azaroan berri eman zuenez. 

Eusko Jaurlaritzaren 640.000 euroko diru-laguntza jasoko du Usurbilgo Udalak sustaturiko Txirikorda proiekturako. Ugartondoko etxebizitza berrien eremuan kokatuko den udal ekipamenduak “bultzada nabarmena jasoko du” Udalak ohartarazi duenez. 2.375.000 euroan baloratua du proiektua, eta haietatik 2.063.000 euro “jada lortuak eta lotuak ditu”. 


Pelaioeneko prozesua iruditan
Birgaitua dagoen Kalezarko eraikinari barrutik forma emateko bi parte hartze prozesu abian ditu Usurbilgo Udalak. Bertan egoitza izango baitu etorkizunean Emakumeen Etxeak eta kalezartarren auzo ekipamenduak. Orain arteko saioak iruditan bildu ditu Udalak usurbil.eus atarian, "Multimedia Txokoan". Atari berezitu bat ere bada webgune berean. Parte hartze saioen egutegia edota orain arteko saioen aktak ikusgai dituzue helbide honetan: "Etorkizuneko Pelaioenea eraikitzeko prozesua" .

Gogoan izan, asteotarako parte hartze saio gehiago iragarri ditu Udalak:

Urtarrilak 28, osteguna
18:00 Artzabalen: Emakumeen Etxeari lotutako 4. gogoeta gunea. 
Gaia: “espazioaren antolaketarako proposamena eta Pelaioenearen kudeaketa eredua eta funtzionamendua”.

Otsailak 4, osteguna
18:00 Haur Eskolan: kalezartarren auzo ekipamenduari lotutako 3. gogoeta gunea.
Gaia: “espazioaren antolaketarako proposamena eta Pelaioenearen kudeaketa eredua eta funtzionamendua”.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.