Pelaioeneari lotutako parte hartze prozesuen saioak asteotan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 25a, 09:43

Urtarrilaren 14 eta 21erako iragarriak zeuden hitzorduak urtarrilaren 28ra eta otsailaren 4ra atzeratu ditu Usurbilgo Udalak, hurrenez hurren. Kalezarko Pelaioenean izango dute egoitza etorkizunean Emakumeen Etxeak eta kalezartarren auzo ekipamenduak.

Etorkizunean Kalezarko Pelaioenean kokatuko diren Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal ekipamendua definitzen segitzeko urtarrilaren 14 eta 21erako iragarriak zeuden parte hartze saioak hamabostaldi honetara atzeratzea erabaki zuen Usurbilgo Udalak. Zergatia azaldu dute. “Aurreko saioetan espazioa beharren arabera antolatzeko saioak egin zituzten bi prozesuetako parte hartzaileek, eta hurrengo saioan ekarpen horiekin egindako proposamen bat eramango du Udalak saioetara (Pelaioenearen birgaitzea zuzentzeko udalak kontratatutako arkitektoak egin du proposamena; horrek berak zuzenduko du prozesutik eratorriko den exekuzio proiektua)”.

Udaletik argitu dutenez, “planteamendu bat da, behin-behinekoa, eta parte-hartzaileekin kontrastatzea da helburua. Horrez gain, Pelaioenearen kudeaketa ereduaz eta funtzionamenduaz ere hitz egingo dute emakumeen zein auzotarren saioetan”. Datozen saioen egutegi berria jakinarazi du Udalak:

PELAIOENEA BARNETIK ERAIKITZEN
Urtarrilak 28, osteguna
18:00 Artzabalen: Emakumeen Etxeari lotutako 4. gogoeta gunea.
Gaia: “espazioaren antolaketarako proposamena eta Pelaioenearen kudeaketa eredua eta funtzionamendua”.-

Otsailak 4, osteguna
18:00 Haur Eskolan: kalezartarren auzo ekipamenduari lotutako 3. gogoeta gunea.
Gaia: “espazioaren antolaketarako proposamena eta Pelaioenearen kudeaketa eredua eta funtzionamendua”.