Pelaioenea eraikitzen

Emakumeen Etxeari lotutako gaurko parte hartze saioa, telematikoa

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 28a, 10:57

Izatez ostegun honetarako Artzabalen deitua zegoen gogoeta saioa telematikoki bideratzea erabaki du Usurbilgo Udalak, osasun krisialdira lotuta egun bizi dugun egoera orokorragatik. Etorkizunean Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxea definitzen segiko dute gaur parte hartzaileek.

Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak sare sozialen bidez gogorarazi duen moduan, "eremu horian egon arren, Emakumeen Etxeko parte-hartze prozesuko gaurko saioa modu telematikoan egitea erabaki dugu, egoera orokorra ez baita batere ona".

Ostegun arratsaldeko 18:00etan Artzabalen zuten deitua etorkizunean Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxea. Aipatu moduan ordea, telematikoki bideratuko dute, "Zoom" bidez, aurreikusia zegoen ordutegi berean, 18:00-20:30 artean. Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, "beharrezkoa da azken bertsioa instalatzea".

Ostegun honetako saiora, “aurreko saioetan espazioa beharren arabera antolatzeko saioak egin zituzten bi prozesuetako parte hartzaileek, eta hurrengo saioan ekarpen horiekin egindako proposamen bat eramango du Udalak saioetara (Pelaioenearen birgaitzea zuzentzeko udalak kontratatutako arkitektoak egin du proposamena; horrek berak zuzenduko du prozesutik eratorriko den exekuzio proiektua)”.

Udaletik argitu dutenez, “planteamendu bat da, behin-behinekoa, eta parte-hartzaileekin kontrastatzea da helburua. Horrez gain, Pelaioenearen kudeaketa ereduaz eta funtzionamenduaz ere hitz egingo dute emakumeen zein auzotarren saioetan”.

Datozen saioen egutegi berria jakinarazi du Udalak:

PELAIOENEA BARNETIK ERAIKITZEN
Urtarrilak 28, osteguna
18:00 "Zoom" bidezko saio telematikoa: Emakumeen Etxeari lotutako 4. gogoeta gunea.
Gaia: “espazioaren antolaketarako proposamena eta Pelaioenearen kudeaketa eredua eta funtzionamendua”.-

Otsailak 4, osteguna
18:00 Haur Eskolan: kalezartarren auzo ekipamenduari lotutako 3. gogoeta gunea.
Gaia: “espazioaren antolaketarako proposamena eta Pelaioenearen kudeaketa eredua eta funtzionamendua”.

Saioetan parte hartzeko izen ematea aurrez, bideotatik:
943 377 110
parekidetasuna1@usurbil.eus