Emakumeen Etxean jarduera ugari eramango dira aurrera

Erredakzioa 2021ko mar. 8a, 10:20

Pelaioenea eraikinaren inguruko partehartze prozesuaren emaitzak larunbatean ezagutarazi zituzten. Emakumeen Etxea eta Kalezarko Auzo Ekipamendua, bi proiektuak uztartuta egongo dira espazio berean eta elkar elikatuko dute.

Bilera oro amaituta, hartutako erabaki guztiak plazaratu zituzten ordezkariek, eta exekuzio fasera pasatuko da proiektua. Udazkenean lanei hasiera ematea aurreikusten dute, eta urtebete inguru eramango dituzte obrek. Orotara, milioi erdi bat euroko proiektua izango da. 

 

Emakumeen Etxea

Emakumeen Etxeari dagokionez, eremu multikultural eta inklusiboa izango da, euskalduna eta belaunaldi artekoa. Adin eta jatorri anitzetako jendea bilduko da bertan, pentsaera oro errespetu osoz hartuak izango dira eta elkarlanean harremanak indartu eta lasai konfidantzan egoteko leku eroso eta lasaia izango da, eta nolaez, euskalduna. Ez hori bakarrik, feminismoak indar berezi izango du Pelaioenean, feminismoa landu, horri buruz hausnartu eta ahalduntzerako erreferentziazko gunea izango da, besteak beste. Gunea aktiboa eta lasaia izango da aldi berean, bakoitzaren kezkak eta biziraupenak partekatzeko gune irekia izango da, bai eta aktibazio sozialerako gune ere. Emakumeak saretzeko lekua izango da, eta hainbat proiekturen topaleku.

Emakumeen Etxean jarduera ugari eramango dira aurrera. Goxo egoteko gunea izango da eta liburutegi feminista ere izango du. Ariketa fisikoa egiteko ere lekua izango da, yoga edo gisako ariketak, esaterako. Jabekuntza Eskolako tailerrak ere bertan egitea aurreikusten da, lanketa monografikoak, sentsibilizazio saioak, kultur-ekitaldi zein jarduerak eta emozioen kudeaketarako gunea ere izango da. Funtsezko funtzioak horiek izango badira ere, ez dute baztertzen biltegia eta espazio digital bat ere izatea, ez eta aholkularitza zein herritarren harrera eta orientazio zerbitzuak eskaintzeko espazio izatea ere.

 

Kalezartarren Auzo-ekipamendua

Kalezartarrek plazara irekita egongo den auzotarrentzako elkargunea marraztu dute bileretan. Belaunaldi ezberdinetako auzotarren bilgunea izango da, eta auzoari bizia emateko erabilera anitzeko gunea antolatuko dute. Elkarleku bat izango da, eta bilerak egin zein materiala gordetzeko funtzioa ere izango du. Horrez gain, Pelaioenea osorik erabiltzeko lehentasuna izango dute herritarrek auzoko jaietan, jaietako materialak gorde ahal izateko festa egun horietan. Jakintza trukea egiteko jarduerak antolatuko dituzte bertan, eta auzoko jai-batzordearen bilera lekua ere izango da.

 

Bi proiektu, espazio bat

Elkarbizitzan eta armonian uztartuko dituzte bi proiektuak. Espazio berak partekatuko dituzte bi proiektuek, eta horrek herritar askoren arteko harremanak sustatuko ditu. Aipatu bezala, askotariko erabilerak izango ditu eraikinak, eta erabilera horiek beharretara egokitzeko aukera eskainiko du. Zentzu horretan, elkar aberastuko duten bi proiektu dira.

Eraikinaren kudeaketak bi ardatza nagusi izango ditu, beraz. Oso modu koordinatuan eramango dute aurrera eraikinaren kudeaketa. Emakumeen Etxeak bere aldetik organo asanbleario bat izango du, eta kudeaketa-batzorde bat izango da horren gidaria. Hala ere, urtean hiruzpa lau bilera egingo dituzte Udaleko Parekidetasun Sailarekin eta koordinazio erabatekoan funtzionatuko dute organo horiek. Auzotarrena da beste ardatza, eguneroko martxan gaikako taldeek eta batzorde irekiak funtzionatuko dute, beti ere, zuzendaritza talde motorraren gidaritzapean. Hala ere, auzotar guztiek izango dute zuzendaritza taldearekin urtean hiruzpa lau bilera egiteko eskubidea. Aldi berean, bi ardatzek elkarrekin lan egin beharko dute espazioak behar bezala kudeatzeko. Ardatz bakoitzak hiruna ordezkari izango ditu eta 2 edo 3 hiletik behin elkartuko dira ordezkariak antolaketa ordenatu bat eramateko. Urtean bitan Udalak ere parte hartuko du bilera horietan.

Oro har, lau espazio berezituko dira eraikinaren barnean: gela balioanitza tailerrak egiteko; espazio ireki bat; espazio itxi bat tailerrak, bilerak edo zerbitzu pribatuentzat; liburu apalategia liburutegi feministarentzat eta takilak edo gordailuak izan ditzakeen espazio bat materiala gordetzeko.