Turismoa

Troia: "Gurea ostalaritzaren baino okerragoa izan da"

Erredakzioa 2021ko mar. 26a, 09:30

Kalezar ezagutzen duen edonorentzat aski ezaguna da Troia baserria, egun, nekazal etxe ere badena. Izen bera duen aldapa igo eta alde batera kokatuta dago Troia, gazte eta familia asko bildu dituena azken urte hauetan, oporralditxo bat egiteko.

NOAUA! Konfinamendua nola bizi izan duzue? Nolako eragina izan du pandemiak zuen jardueran?

Troia: Gure kasua ostalaritzarena baino okerrago izan da. Konfinamenduan zehar itxita egon ginen, udan zerbait izan genuen, eta berriz konfinamendu perimentralarekin bezerorik gabe. Nor joango da bere herri propioko nekazal etxe batera? ez dauka batere zentzurik. Desastre handia izan da, uda salba liteke, baina hortik aurrera ezer ez. Erreserba gutxi batzuk bagenituen udazkenerako, baina mugimendua erdira murriztuta, ezer gabe geratu ginen. Horrela ibili gara orain arte. 

 

Laguntzarik jaso duzue urte luze honetan?

Aukerak izan dira. Udaletxeak dirua eman digu pandemia dela eta diru inbertsioa egin behar izan dugunean. Turismotik ere otsailean esleitu zituzten laguntzak bi hilabeteko gastuak berdintzeko balio dutenak, baina horixe. Beste laguntzaren bat ere eskaini zuten, baina guri ez ziguten eman ez genituelako beharrezko baldintzak betetzen.

 

TROIA

"Diru sarrerarik gabe dena gastua da oraintxe bertan. Hauxe da dagoena"

 

Itxiera perimetrala ezabatu denetik, EAE osoan ibil gaitezke. Aste Santua hortxe daukagu. Erreserbei dagokienez, igarri al da?

Itxiera perimetrala kendu orduko hasi zen jendea Aste Santurako erreserbak egiteko deitzen. Lau pertsona baino gehiagoko taldeak ezin ditugu hartu, eta jangelan ere edukiera %50era murriztuta daukagu. Hala ere, jangelan distantziak mantentzeko aukera badago, ez dago neurri gehiago hartu beharrik. Sukalde partekatua daukagu bezeroentzat, eta orain partekatze hori ez dago egiterik. Zerbitzu aldetik guk ere ezin dizkiegu betiko aukera guztiak eskaini, eta moldatu egin behar izan dugu. Hala eta guztiz ere, Aste Santuetarako dena beteta daukagu eta Pazko Asterako ere erreserba batzuk baditugu. Orokorrean, jendea mugitzen ari da, baina guk neurriak zorrotz bete beharra daukagu eta ezin ditugu erreserba guztiak hartu. LABIren erabakien zain gaude baita ere, guk Aste Santurako erreserbak hartu baititugu, baina gero denak aurrera eraman ahal izango diren edo ez, hori neurrien arabera izango da. Egunean egunekoa egin behar dugu, eta tira, diru sarrerarik gabe dena gastua da oraintxe bertan. Hauxe da dagoena.