Auzolanerako deia larunbaterako, matrikulazio epea zabalik duen Haur Eskolan

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 23a, 08:41

2021-22 ikasturterako matrikulazio epea zabalik duen Haur Eskolaren ataria itxuraz berritzen ari dira egunotan auzolanean. Larunbatean biltzeko hitzordu berria finkatu dute.

Ikasturte berrirako prestatzen hasia den honetan, itxura berritzen dabiltza auzolanean Kalezarren kokaturiko Haur Eskola. Iragan asteburuan ekin zioten lanari, guraso, ikasle eta irakasleek, Usurbilgo Udalaren laguntzaz. "Auzolanean aritu gara Haur Eskolako kanpo espazioa txukuntzen", berri eman dute ikastolatik egunotan, sare sozialen bidez. Udarregi Ikastolako kanpo espazio taldeak larunbat honetarako finkatu du, apirilaren 24rako honenbestez, auzolanari segida emateko hitzordu berria. "Auzolanean jarraituko dugu gure haur eta gazteentzako guneak eraldatzen. Parte hartu nahi?", dio albiste honi atxikia izan eta kaleratu duten bideoak. "Anima zaitez Haur Eskolako patioa txukuntzera!", luzatu dute gonbita. Horma margotzen ariko dira. Deialdian parte hartu nahi duenak, aurrez idatzi dezala mezua helbide honetara: hitzaho@udarregi.eus

Matrikulazio epea zabalik
Gogoan izan bestalde, 2021-22 ikasturterako matrikulazio epea zabalik dutela Haur Eskolan, apirilaren 30era arte. Deialdia, 0-3 urte arteko haurrei zuzendua dago; hau da, 2019, 2020 eta 2021. urteetan jaiotakoei. Matrikulazioa bideratzeko aurrez hitzordua eskatu beharra dago, 943 374 061 telefono zenbakira deituta edo haureskola@udarregi.eus helbidera idatzita. Izen ematea tramitatzerakoan honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: bizikidetza egiaztagiria (Udalak ematen du), Familia Liburua, guraso eta tutoreen NAN, Gizarte Segurantzako txartela, kontu korronte zenbakia (IBAN eta BIC kodeak), haurrak Haur Eskolan egingo duen ordutegia. Informazio gehiago hemen: udarregi.eus