Kultur Bira 2021

Belmonte, auzoa biziberritzeko lanean

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 24a, 10:36

“Auzoa elkartzea, auzo sentimendua berpiztea, adin tarte ezberdinetako pertsonak bilduta”. Belmonte auzo elkarteak lanean dihardu, indarberriturik eta une erabakigarrian; Kalezar aldaketa prozesu betean dute. “Aldaketa handiak datozela kontziente gara. Horiek nola kudeatu ikusteko tresna bat izan daiteke auzo elkartea”.

Etorkizunean Emakumeen Etxearekin batera, Pelaioenean kokatuko den kalezartarrentzako udal ekipamenduaren proiektuaren harira indartu da, baina “lehendik “bazen auzo sentimendu hori berpizteko nahia. Atzetik datozen kezka eta erronka piloa dago” Kalezar luze zabalean.

Elkartearen baitan zenbait lan talde osatu dituzte eta batzordeotako arduradunak gero zuzendaritza taldean biltzen dira. Bat, urteko ekintzez arduratzen ari da. Kultur Birara batu diren egunotako San Joanak antolatu dituzte. Ekainaren 24az gain, badute beste data esanguratsu bat aurtengoan; irailaren 21a. Egun horretan, Villa Belmonte de Usurbil eratu zela 650 urte beteko dira. “Ikusten genuen egun horren harira polita izan zitekeela zerbait egiteko”. Esan eta egin. Kalezarko historia azalduko duen auzo antzerki ibiltari bat eskaintzekoak dira urriaren 23an.

Hazten, baina sendo
Beste batzorde bati, Pelaioenea izena jarri diote. Gogoan izan, Kalezarko plazan kokatu eta kanpotik birgaitua dagoen eraikinean kokatuko dira etorkizunean Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako udal ekipamendua. Iaz bi egitasmook definitzeko parte hartze prozesu bana abiarazi zuten. Ekarpen asko egin zituztela berri eman dio Belmonte elkarteak NOAUA!ri. Hori jaso eta udazkenetik aurrera heldu asmo diote gaiari, Pelaioenea barrualdeko lanak amaitzen direnerako prest egon beharko baitu “nola egingo den gure proiektua, udalarekin zuzenean koordinatu beharko gara...”.

Beste batzordeetako bat, hirigintza gaiez arduratzen ari da. Kalezar ingurutik osteratxoa egiten baduzue, begi bistakoa den moduan, eraldatze betean da ingurua. Aipaturiko Pelaioenea birgaitze lanez gain, adinekoen auzune berria eraikitzen ari dira garai bateko mojen konbentuaren lur eremuan, handik hurbil etxebizitza sorta altxatzen ari dira Ugartondon...  “Gure Kalezar handitzen doa, baina sendoak izaten jarraitu nahi dugu, batasun hori mantentzea”, aipatu digute Belmonteko ordezkariek. Aldaketa guztiok “bertigo pixka bat” ematen dietela adierazita, “ia aldaketa guztioi nola aurre egiten diegun”. Auzoa biziberritzearen alde dira noski, beste kontu bat da “ze neurritan eta nola”.

Elkartera batzeko deia
Datozen aldaketei begira, auzoari lotutako erabaki eta egitasmoetan murgildu nahiz hartuemanetan jartzera animatzen dute, “izan Kalezarren jaio edo Kalezarrera bizitzera etorritakoa”, auzo komunitatean esku hartzera.

Bazkidetza kanpaina martxan dute. “Bazkidetzak ez du betebehar bat suposatzen”, argitu dute auzo elkartetik, “auzoaren inguruan informatu eta zure iritzia entzunarazteko” aukera eskaintzen du. “Auzo elkartea izango da gero udaletxean ordezkari lanak egingo dituena”. Helbide bera baliatu daiteke gainera, ekarpenak edo proposamenak egin, nahiz argibideetarako ere.

Arreta bereziki Kaxkotik aparteago, landa eremuan bizi den auzotarrengan jarria dute. “Erronketako bat da, nola heldu goiko nahiz beheko auzotarrengan, parte har dezaten, auzo elkartearekin bat egin dezaten”.

Bazkidetza tramitatzeko bi bide daude; batetik, Kalezarko soziedadearen ondoan dagoen postontzian datuak utzita edo belmonteauzoelkartea@gmail.com helbidera email bat idatzita. Bide hau baliatu ohi dute hala nahi dutenei informazioa helarazteko.
Oroitzen dute nola auzo elkartea berriz martxan jartzera zihoazela bazkidetza kanpaina abiarazi zutenean, lehen kolpean, astebeteko tartean, postontzietan deialdi masiboa eginda eta postua plazan jarrita, 50 lagunekin bat egin zuten bilgunearekin. Sarea hazi eta ehuntzen segi nahi dute.


Jaiek saretu zuten elkartea
Belmonte auzo elkartearen abiapuntua, sarritan parranda giroan murgiltzen lagundu nahiz egunerokotasunak dakarren zurrunbilotik urruntzen gaituzten San Juanak izan ziren. “Jai batzuk egin zuten sare bat”, 2000. hamarkada hasieran, guraso talde bat festen barruko Haurren Eguna antolatzen hasi zirenean, Jai Batzordeak laguntzarako deia egin ostean.

Aldaketak gaur arte eten ez den soka ekarri du. Haurren Egun haietan parte hartu zuten gaztetxoek “lagundu ziguten elkar ezagutzen” 90. hamarkada amaieran Kalezarrera bizitzera joan nahiz bertan bizi zirenen artean. Bizitza Kalezarren eginez hazi ziren “haur haiek dira egun Jai Batzordean daudenak”. Bizimodu haren garrantzia nabarmentzen dute gaztetu diren ume haiek. “Festek eta bertan bizitzeak elkartu digute.  Oraindik lotura hori hor dago”. Eta nabari dute auzolanean dabiltzanean ere. “Urteak daramatzagu batera lan egiten eta konfiantza dago”.

Urteetan eutsi zieten dinamika hari baina gerora auzo giroa apaltzen joan zen. Horrez gain, bazen “elkartu eta espazio bat izateko, materiala gordetzeko auzo ekipamendu baten beharra”. Haranen izan zuten lokala hasieran.

Testuinguru horretan urrats berria ematen du auzoak eta 2000. hamarkada amaieran auzo elkartea sortzen dute. Garai hartakoa da esaterako, “Kalezarren ume dezente ibiltzen zirenez” auzoa pibotatzeko ekarpena.

Etenaldi berri bat etorri zen gero eta jakin gabe, aurrekaririk gabeko pandemia bat ate joka zutela, auzoak hainbat behar zituela ikusita berriz ekin zioten lanari. Covid19ak geldialdi berria eragin zuen, iazko udazkenean Pelaioenea birgaitzeko testuinguruan parte hartze prozesua abiatu arte. “Zer, nola irudikatzen hasi ginen. Oso interesgarria izan da adin ezberdinetako auzokideak era natural batean elkartzea”.

Prozesuko dinamizatzaileei arreta deitu zien ikustea “bazela oinarri bat, auzo komunitate bat sortua zegoela aldez aurretik”. Horregatik diote, Belmontetik “Pelaioenea berriz martxan jartzeko aitzakia izan da”.