Usurbilen 650. urtemuga

Larunbatean herri antzerki ibiltaria Kalezarren barrena

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 5a, 10:08

Kalezartarrek herri antzerkia eskainiko dute larunbatean, azaroaren 6an, eguerdiko 12:00etan, Usurbilen sorreraren 650. urteurrenaren harira. Pare bat ohar; emanaldi ibiltaria izango da. Herritarrei 12:00etan Aliproxeko biribilgunetik gora Kalezarrerantz abiatzea eskatzen diete, Errebaltxiki parera igotzeko, bertan hasiko baitute emanaldia. Bestalde, hitzordu hau tarteko, Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, 9:00-14:00 artean, Kalezar erdigunea zeharkatzen duen Belmonte Kalea itxita egongo da ibilgailuen joan etorrientzat. Antzerkiaren bitartez, 1371. urteari helduko diote eta Usurbilen historiaren hamarkada batzuk irudikatuko dituzte. Aitor Eizagirre eta Beñat Arruti kalezartarrak izan dira proiektu honen bihotzean dauden bi auzotar eta beraiekin izan da NOAUA! antzezlanaren berri jasotzeko.

NOAUA! Kalezartarrek herri antzerkia egingo duzue Usurbilen 650. urteurrena dela eta. Nolatan bururatu zitzaizuen antzerkia egitea?
Beñat Arruti: Duela urtebete martxan jarri genuen auzo elkartea, auzoa berpizteko asmoarekin. Ekintzak antolatzea beti izan dugu buruan helburu nagusi hori betetzeko. Usurbilen sorreraren 650. urteurrena aitzakia bat izan da guretzat gure auzo proiektua lantzeko.
Aitor Eizagirre: Elkartearen barruan lantalde batzuk daude eta, horien artean, urteko ekintzak antolatzeko taldea. Talde horretan, zer egin pentsatzen egon ginen eta bururatu zitzaizkigun guztiak jada egin- da daude. Horien artean, aipagarriena baserrien argazkiak landu eta horrekin liburu bat edo erakusketa bat egitea. Hori eginda dago jada eta berriz egiteak ez dauka zentzurik. Ideia parte-hartzaileago baten bila hasi ginen eta antzerkiarena bururatu zitzaigun.

Usurbilgo historiaren mende batzuetako historioa mardula izango da, ezta?
B. A.: Gure asmoa ez da historiaren laburpen bat egitea. Modu partehartzaile batean gure herriaren historiaren pasarte batzuk kontatu nahi ditugu. Pieza entretenigarri eta informatibo bat sortu nahi izan dugu.
A. E.: Gure antzezlanaren oinarrian Lourdes Odriozola Oyarbide historialariaren lan
batean dago oinarrituta. Historian doktorea da bera, eta 2004an Usurbilgo Udalaren– tzat prestatu zuen lanean oinarritu gara. Suteen ondorioz, artxibategietako informazio asko galdu da urteetan zehar,eta doktore honek ikerketa lan izugarria egin zuen Usurbilgo historian. Auzoetako historia ere luze eta zabal dago azalduta lan idatzi honetan. Lan horretatik ateratako pasarte batzuk antzeztuko ditugu, eta nik uste interesgarria izan daitekeela usurbildar askorentzat gure herriaren historiara hurbildu eta gehiago jakiteko gosea
sortzeko.

“Izanari izena jarri zion Belmontek”
NOAUA! Kalezartar askok harro esaten dute Usurbil Kalezarren hasi zela, garaiko Belmonten.
B. A.: Usurbil herri modura Kalezarren batu zen, hori argi daukagu guk. 1371 urtea baino lehen ere Zubieta existitzen zen, Aginaga ere bai, eta egun Usurbilgo auzo diren beste hainbat leku ere eliz-barrutiak ziren garai haietan. Belmonten egin zen elkarketa prozesu hori. Izanari izena jarri zion Belmontek.
A. E.: Lur hauetan jendea bizi izan da, gutxienez, duela 5.000 urtetik. Erromatar garaiko aztarna asko aurkitu dira Andatzan eta inguruetan, eta beraz, nukleo bat bazegoen. Antxo Azkarra erregeak XII. mendean Donostiari Jakako foruak eman zizkion, eta herri asko bildu zituen hark Hondarribiatik hasi eta Orioraino. Hurrengo urteetan, herri batzuk boterea irabazten joan ziren eta besteak, berriz, galtzen. Azken horien artean, Usurbil. Botere galera hori ikusita, Gaztelako erregearengana jo zuten boterea galtzen ari ziren herriek “Carta puebla” eskatuz. Usurbil beti egon da hemen, baina 1371. urtean lortu zuten herri izendapen juridiko hori. Auzoak oso sakabanatuta zeuden, eta konturatuta zeuden nukleo bat behar zutela, jauntxoen arteko ikamiketatik eta borroketatik babesteko beharra baitzuten. Oso modu demokratikoan egin zituzten lur banaketak, denei zati bera emanda. Justizia nahi zuten, eta alkateak aukeratzeko gaitasunaz gain, merkataritzarako ere garrantzia berezia zuen.

Kalezartarrez gain, Usurbilgo txistulariek ere hartuko dute parte”
NOAUA! Historiaren garai hori gogora ekarriko duzue antzerkiaren bidez, ezta?
Aitor Eizagirre: Lehen aipatu dugun ikerketa lan horren %10 bat inguru kontatuko dugu. Auzoetako historia luze eta zabal kontatzen du ikerketa lanak, baina guk hori dena ezin dugu sartu, bestela antzerki bat baino gehiago Zuberoako orduak eta orduak behar dituen maskarada bat aterako litzaiguke. Aipatu beharra dago garai haietarako oso gizarte modernoa zela Usurbilgoa eta auzoetako antolaketa sistema ere txalogarria.
Beñat Arruti: Amu lan bat egin nahi dugu antzerkiarekin, ea hori ikusita norbaitek gai horri heltzen dion eta gehiago jakiteko aukera ematen digun. Landu beharreko lana da.

Antzezlanean agertuko diren pertsonaiak benetan existitutako usurbildarrak izango
dira?
B. A.: Ez daude benetako pertsona zehatzak. Ikerketa lanean ere ez dira izen konkretuak agertzen, ez behintzat garai hari lotuta. Garaiko lanbideak antzeztuko ditugu, eta orduko giroa nolakoa izan zitekeen ere bai. Erregeen izenak eta benetako datu historiko orokorrak benetakoak izango dira, garai historiko batean kokatzen delako Usurbilgo historia ere, baina gainontzeko pertsonaiak ez daude pertsona zehatzetan oinarrituta.
A. E.: Usurbilgo lehenengo alkatearen izena, adibidez, ez dago dokumentatuta. Dokumentatuta dauden auzi komertzial batzuetan eta, izenen bat agertzen da, baina hortik kanpo bat ere ez. Lehen alkatearen izena XVI. mendean dago dokumentatuta. Beraz, gure antzerkia ahalik eta objektiboena izango da.

Momentuz, antzerkian parte hartuko duten auzotarrak 20 inguru dira. Nola lortu duzue horrenbeste jende animatzea?
B. A.: Geneukan beldurrik handiena, eta oraindik ere daukagun beldur handiena auzotar gutxi animatzearen kontua da. Hasieran, pertsonaia nagusiak ixtea zen helburua eta behin hori lortuta, deialdia luzatu nahi dugu gehiagok ere parte har dezaten. Ez da 15 pertsonak osatutako antzerki bat, baizik eta auzotarren artean sortutako herri antzerki bat. Orain arte ahoz aho aritu gara deialdia zabaltzen, eta nahi genuke orain ere gehiago izatea. Momentuz 25 bat izango gara. Proiektua erakargarria izan daiteke askorentzat, baina lotsak ere faktore garrantzitsu izaten dira kasu hauetan. Auzoa berpiztea dugu helburu, eta auzotarren arteko harremanak indartzea. Auzotarrez gain, Usurbilgo txistulariek ere parte hartuko dute.

“Antzerkia azaroaren 6an egingo dugu, eguerdian”
NOAUA! Antzerkia ikusi nahi dutenek zer egin beharko dute?
A. E.: Antzerkia azaroaren 6an izango da, eguerdiko 12:00etan. Aliproxen partean dagoen aldapatik igotzea eskatu behar diegu herritar guztiei, antzerkia inguru horretan hasiko baita Errebaltxiki baserriaren parean. Garaian, Belmonteren sarrera nagusia zen leku hori, eta bertan hasiko gara. Gero, antzerkiaren logikak kalean barna eramango gaitu. Ordubeteko saioa izango da gutxi gorabehera, eta doakoa. Izen ematerik ez da egin beharko printzipioz, ez dago neurri berezirik hartu beharrik kalean izango delako, eta beraz, alde horretatik ez dago arazorik, dena ondo bidean. Bizkarreko aldapatik igotzearena oso garrantzitsua da guretzat antolaketa hori ez zailtzeko. Beraz, mesedez, denak bertatik igo daitezela eta buruarekin joka dezagula.