Gabonetako opariak edo detaileak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2020ko urt. 15a, 11:16

Gabonak pasata, urte berria hasita, Erregeak joanda… Donostiako danborradaz hitz egiteko garaia izango da orain. Eta gero Santa Agedaz, San Balentin egunaz, inauteriez… Urtero bezala, egutegia eta agenda eginak daude urtea hasi orduko.

Bada ez, ez noa agenda setting horretan sartzera. Korrika hurrengoaren edo datorrenaren peskizan jartzeko partez, pasatakoari begira jarriko naiz, Gabonei, Olentzerori, Mari Domingiri eta Errege Magoei.

Makina bat opari jasoko zituzten etxeko txikiek eta hain txikiak ez direnek: jostailuak, pijama, baloia, puzzlea, mahai-jolasak, bizikleta, mugikorra, aterkia, azpiko arropa, goxokiak, panpinak… eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Zenbat luzatu ote daitekeen zerrenda!

Erabiltzeko eta ukitzeko oparri zerrenda amaigabe horretatik haratago, ordea, aurten beste “opari” batek eman dit atentzioa,  Stockholm-ko haurrek Gabonetan jasotzen dutenak: garraio publikoa doan dute Gabonetan. SL garraio konpainiak Gabonetan haur eta gaztetxoei ez die bidaiarik kobratzen, doan bidaiatu dezakete alde batetik bestera autobusez, tranbiaz, metroz eta barkuz. Ez al da opari ona? Haur eta gaztetxoentzat ez ezik, haien gurasoentzat ere bai, gainera. Horrelako erregalua jasotzeak gustura uzten ditu gurasoak eta haien poltsikoak. Haur eta gazteak ere konturatzen dira egun horietan txartelik gabe bidaiatu dezaketela. Ez da zehazki Olentzeroren, Mari Domingiren, Errege Magoen edo Bizarzuriren oparia, ez da gutunean eskatu dutena, ez da magia horren barruan kokatzen den erregalua, baina baloratzeko modukoa denik ez didazue ukatuko, ezta? Dena opari zerrenda materiala izateko partez, beste era batera baloratu daitekeen erregalua bada, ezta? Garraiobideen konpainiaren detailea, aizue.

Horrelako detaile gehiago ere badituzte Stockholmen. Esate baterako, museo asko doan dira, bereziki umeentzat eta familientzat direnak. Horrek familiak museoetara joatea bultzatzen du, haurrak museoetara joatera ohitzea eta kultura hori sortzea.

Antzematen da, gainera, umeentzako museoak umeentzat pentsatuta eta prestatuta daudela. Hona hemen hori erakusten duten bi detaile:

1- Museoetako gauzak ukitzeko, erabiltzeko, gainean jartzeko, azpitik pasatzeko, probatzeko, irakurtzeko, ikusteko… dira. Txikienentzako botoiak behean daude, ondo ikusteko igotzeko koxkak jarrita daude –gurasoen besoetan egon beharrik gabe–. Neurrira egindakoa, hitz batean esateko.

2- Museo barruan pik–nik guneak daude. Alegia, “hemen ezin da jan” kartelak ikusten diren bezalaxe ikusten dira “jateko gunea” edo “piknik gunea” kartelak ere. Eta gune horietan mahai eta aulki mordo bat, arraskak eta mikro-uhin labeak daude. Alegia, ez dagoela tabernara edo jatetxera joan beharrik. Norberak eraman dezake jatekoa etxetik eta lasai ederrean jan, inongo konplexurik gabe. Familien neurrira egindakoa, hitz batean laburtuta.

Garraiobideen konpainiak, udalek, instituzioek… egindako eskaintzak dira. Ez zehazki Gabonetako opariak, baina detaile esanguratsuak dira, neurri zehatzak eta garbiak. Eta horiek ondorio batzuk sortzen dituzte, ohitura eta kultura jakin batzuk. Umeak doan bidaiatu baldin badezakete autobusean, metroan, tranbian edo barkuan, horrek norbere kotxea hartzeko partez garraio publikoa hautatzea bultza dezake. Museoen kasuan, erraztasunak jartzeak (sarrera doan, jateko guneak eta abar) museoetara maizago, gogotsuago eta perezarik gabe joateko aukera ematen du. Seguraski, beste leku batzuetan ere gustura hartuko genituzke horrelako detaileak, neurriak, inbertsioak, politikak edo nahi den bezala deitutako opariak.

 

Stockholmeko museo bateko piknik gunean jendea etxetik eramandako janaria jaten, tabernara edo jatetxera joan beharrik gabe.