Martxoaren 8ko altxorra: borobilean partekatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2020ko mar. 10a, 13:26

Pasa da aurtengo martxoaren 8a eta utzi duen zaporea utzi du. Balorazioak, neurketak, zenbakiak eta konparazioak etorri dira eta etorriko dira oraindik ere: iaz baino gehiago, gutxiago edo antzekoa izan den, greba deitzearen eta ez deitzearen arteko aldea, igandea egokitu izanaren ondorioak eta abar luze bat. Egin beharreko balorazioak izango dira, aurrera begira nondik eta nola jo asmatzeko. Eta hortxe dago gakoetako bat: azken urteetan sortu den energiarekin zerbait egin beharra dago itzali baino lehen. Olatu baten gainean sentitu gara, baina ez dakigu olatuak nora eramango gaituen, non bukatuko dugun. Horregatik da garrantzitsua aurten egindako deia: “Antolatu indarrak, batu borroka feministara”.

Antolatu. Borroka feministak milaka aurpegi ditu, landu beharreko adar asko. Borroka hori egiteko milaka modu daude, hasi eguneroko txikitasunetik eta ekitaldi handietaraino; martxoaren 8an zein egunero. Bakoitzak bere esparrua topatuko du, “borrokarako” bere lekua, denak zilegi eta errespetagarriak. Baina denak elkartzea ere garrantzitsua da, emakume bakoitzak jartzen duen hondar alea gainerako emakumeen hondar alearekin pilatzea; eta horrela, gure olatuarentzako hondartza eder bat osatzea, arroken kontra jotzeko partez hondartza gozo eta emankor batean lehorreratu gaitezen.

“M8 egunero da” taldeak antolatu duen frontoiko borobileko partekatze saioa izugarria izan da. Eskertzekoa eta zoriontzekoa. Ederra. Hunkigarria. Altxor bat. Indartzen gaituen arma bat

Eta horretarako gai gara, emakumeok bai. Aurten eta iaz martxoaren 8an herriko frontoian egin diren saioek hori erakutsi dute. Belaunaldi desberdinetako emakumeak bildu gara eta bakoitzak geuretik, geure ikuspegitik eta geure esperientziatik zintzotasunez hitz egin eta entzun diegu aldamenean eta aurrean genituen gainerako emakumeei. Emakumeen bizitza zeharkatzen duten gaiak izan dira hizpide, denoi ukitzen digutenak gutxi edo gehiago, eta hor, denok ahizpak sentitu  gara. Oso gauza xumea da, berez: esperientziak partekatzea. Baina zenbaterako ematen duen… uste baino gehiago! Gazteek helduagoen bizipenak ezagutzea, helduek gazteagoen errealitatea deskubritzea, urteetan errepikatzen diren estereotipoez jabetzea, kezkez eta beldurrez hitz egitea, gizartearen presioak bistaratzea… Master batean adina edo gehiago ikasi dugu aurten ere. Ikuspegia irekitzen lagundu digu eta horrek asko laguntzen du egunerokotasunean betaurreko moreekin bizitzen.

Eta hori dena borobilean, gertu gertukoak ez diren aurpegi berrien aurrean, ahots berriak entzunez, inor gutxietsi gabe, jarrera irekiarekin, enpatiarekin… Desberdintasunak desberdintasun, denok partekatzen dugulako gauza bat: emakumeak izatea. Eta horrek konplizitatea sortzen du. Begiarekin keinu egitean sortzen den konplizitate hori. Badakigu elkar ulertzen dugula, elkar babestuko dugula, elkarri lagunduko diogula eta elkar zainduko dugula.

Ekimen ugari eta askotarikoak egin daitezke “katerik gabe katean” antolatzeko eta bizitzeko, baina iaz bezala aurten ere Usurbilgo “M8 egunero da” taldeak antolatu duen frontoiko borobileko partekatze saioa izugarria izan da. Eskertzekoa eta zoriontzekoa. Ederra. Hunkigarria. Altxor bat. Indartzen gaituen arma bat. Elkartasuna, indarra, ahizpatasuna, batasuna, borroka, saretzea, aldarrikapena… izan dira parte hartu duten emakumeek aipatutako hitzak. Ahalduntzeko tresna oso baliotsua da. Galdu behar ez den ekimen bat. Are gehiago, indartu egin behar dena.

Zenbatetan esan izan ote zaigu emakumeok asko hitz egiten dugula, ez garela isiltzen, hitz eta pitz aritzen garela eta abar, beti mespretxuz, lotsatzeko moduko ezaugarri negatibo bat balitz bezala. Bada ez, zintzotasunez, elkartasunez, enpatiaz, eta konplizitatez hitz egiten badugu, oso arma baliagarria da, ahalduntzeko balio diguna. Beraz, segi dezagun hitz egiten eta partekatzen!

“Belaunaldi desberdinetako emakumeak bildu gara eta bakoitzak geuretik, geure esperientziatik hitz egin eta entzun diegu aldamenean eta aurrean genituen gainerako emakumeei, zintzotasunez, elkartasunez eta konplizitatez”.