943 36 20 13 telefonoa ez da lehen zena

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2020ko urr. 28a, 12:49

Dena lagunarteko elkarrizketa batean hasi zen. Batek komentatu zuen umeak sei urte egiten zituela eta bat-batean pediatraren errebisioarekin gogoratu zela. Azkenaldian osasun arloko kontu guztiak COVID-19ra murriztu diren honetan, gainerako errebisioak, kontsultak eta zainketak ia desagertuta daude. Orduan, lagun horrek pediatrari deitzea eta sei urterekin errebisioa egitera joatea tokatzen al zitzaion galdetzea erabaki zuen.

Telefonoa hartu eta betiko zenbakira deitu zuen, Usurbilgo anbulatorioko zenbakira, NOAUA!ko egutegian agertzen den horretara: 943 36 20 13. Tiiiii… tiiiii….tiiii, anbulatorioko harrerakoaren ahotsaren zain zegoen, tiiiii… tiiiii… baina beste ahots batek erantzun zion: “Osakidetzara deitu duzu, une honetan gure langile guztiak okupatuta daude, itxaron mesedez, ahal dugun bezain azkar artatuko zaitugu”. Arnasa hartu eta zain geratu zen. Handik hamar segundora: “Gogoratu Internet bidez ere eskatu dezakezula hitzordua”. Ondoren, musika, eta bitartean zain. Berriro: “Gogoratu Internet bidez ere eska dezakezula hitzordua”. Musika eta zain, zain eta zain. Azkenean eskegi egin zuen, burutik hainbat ideia pasa zitzaizkiolarik: “Eskerrak ez zen larria. Zenbat denbora egon naiz zain eta azkenean alferrik? Bi aldiz gogorarazi didate Internetez egin dezakedala; hala egitea nahiagoko dute? Beno, segur aski azkarragoa izango da bertara joatea berriz telefonoz saiatzea baino”. Kontua da larria ez izan arren, desesperazio punttu batekin kontatu ziela lagunei gertatutakoa.

 

"943 36 20 13 telefonoa ez da lehengoa. Anbulatorioko harrerakoen gertuko ahotsa desagertu da"

Aldameneko lagunak barrez erantzun zion: “Nik herenegun 18 minuturen ondoren hitzordua lortu nuen! 18 minutu! Errekorra!!”. Eta pozik zegoen. Horrek garbi uzten zuen beste batzuetan gehiago ere egona zela.

Hirugarren lagunari ere antzekoa gertatu zitzaion. Lanean zelarik deitu zuen eta itxoiten, itxoiten… azkenean mugikorra bozgorailuarekin jarri eta dendan jendea artatzen jarraitu zuen. Bezero batek esan omen zion: “Telefonoan norbait zerbait esaten ari zaizu”. Eta honek erantzun: “Ez lasai, musika da, itxoiten ari naiz”. Eta… 24 minuturen ondoren lortu zuen norbaitek zer nahi zuen galdetzea!

Hizketan ari ziren guztiek adierazi zuten harridura, ezina eta haserrearen arteko sentimendu bat. Ez zekiten oso ondo egoeraren aurrean barre edo negar egin. Elkarrenak entzunez kontsolatu ziren, baina haserretu ere bai. 943 36 20 13 zenbakia ez da lehengoa. Lehen, harrerakoek erantzuten zuten “Usurbilgo anbulatorioa, esan?” galdetuz, eta nahiko azkar. Izen-abizenak eman eta berehala esaten zizuten medikuarekin ordua hartzeko zein aukera zeuden. Orain, ez dakit non dagoen pertsona batek hartzen du telefonoa kasurik onenean; eta bestela, operadore batek erantzuten du.

Tertuliako laugarren lagunak zorte hori izan zuen eta minutu luzeetako abentura hasi zuen: aurrena musika, gero “Osakidetza egunon, Osakidetza buenos dias. Arreta euskaraz nahi baduzu esan bat edo sakatu bat; arreta gaztelaniaz nahi baduzu esan bi edo sakatu bi; si desea ser atendido en euskara diga uno o pulse uno; si desea ser atendido en castellano diga dos o pulse dos”. Lagun honek bata sakatu zuen eta ondoren horrela jarraitu zuen telefonoaren beste aldeko makinak: “Zure deiak COVID-19arekin zerikusia baldin badu, esan bat edo sakatu bat; aholkuren bat eskatzeko deitu baduzu, esan bi edo sakatu bi; medikuarekin, pediatrarekin edo erizainarekin hitzordua eskatzeko deitu baduzu, esan hiru edo sakatu hiru”. Lagun honek hirugarren aukera sakatu zuen eta jarraian: “Hobeto identifikatzeko pazientearen NAN zenbakiak edo pazientearen osasun txartelaren zenbakiak eskatuko dizkizugu”. Alabarentzako ordua eskatu nahi zuen pediatrarekin, eta ez zekien ez haren NAN zenbakia buruz, eta are gutxiago osasun txartelarena (nork ote daki osasun txartelaren zenbakia buruz!!?). Beraz, eskegi egin zuen, eta hurrena berriro hasieratik hasi behar! Izorrai!

Nire lagun baten amak esaten duen bezala, atzeraka goaz.