Kontu meteorologikoak ala kontu mete-oro-ilogikoak?

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2021ko ots. 3a, 10:25
Eguzkia, ekaitza, ostadarra… zer da eguraldi “ona” eta zer “txarra”?

"Eguzkia, ekaitza, ostadarra… zer da eguraldi ona eta zer txarra?". Ainhoa Azpirotzek bi lagunen arteko solasaldia dakarkigu aste honetako iritzi artikuluan. 

  • Eguraldi txarra omen dator.
  • Hara, zu ere berdin, gaur egungo iragarleak bezala, txarra, ona… Zer da ba eguraldi “txarra”? Eta eguraldi “ona”?
  • Beno, ba eguraldi txarra da euria egitea, hotza, haizea…
  • A bai? Ba baserritarrek gustura hartzen dute ba batzuetan! Euriak ezin du txarra izan, lurrak behar du, belarra haztea nahi baldin badugu euria behar da, eta zer esanik ez baratzean. Kaleko txiza usainak ere ederki garbitzen ditu euriak. Niri gustatzen zait euria egitea, euria ari duenean leihotik begira egotea edo korrika egitera joatea. Bai, gustatzen zait, eta horrexegatik ez nago ados horri eguraldi “txarra” deitzearekin.

“Eguraldi iragarleek deskribatu egin behar dute, eta ez baloratu. Deskribatu, eta gero bakoitzak esango du eguraldi klase hori beretzat “ona” edo “txarra” den”

  • Orduan, zuk euria egiten duenean eguraldi “ona” egiten duela esango zenuke?
  • Ez, hori ere ez. Eguraldi iragarleek deskribatu egin behar dute, eta ez baloratu. Deskribatu, eta gero bakoitzak esango du eguraldi klase hori beretzat “ona” edo “txarra” den. Eta… azkenaldian balorazio gehiegi egiten dituztelakoan nago: “kontuz hotzarekin”, “tenperaturek behea joko dute”, “gaur etxean egoteko eguraldia egingo du”, “okerrena pasa da”, “Gipuzkoa izoztuta”, “eguraldi makurra gaurkoa”, “ea lehenbailehen pasatzen den”… Horrelakoak entzuten ditugu, balorazioak eta gomendioak, eta larrialdi tonu batekin, sarritan. Horren partez zera esan beharko lukete: “Gaur zero azpitik hiru gradu egiten ditu”, “fronte baten eraginez euria egingo du”, “elurra 600 metrotik gora espero da”… Gero bakoitzak erabaki dezala etxean geratu edo aterkia hartuta atera. Edo hori eguraldi “ona” edo “txarra” den.
  • Baina ez didazu ukatuko informazioa edukitzea ondo ez dagoenik, ezta? Lehen baino datu gehiago dituzte eta xehetasun askorekin egiten dituzte iragarpenak, eta hori ondo datorkigu. Esate baterako, elurra egiten baldin badu errepideak nola dauden eta mendateak itxita dauden edo ez jakitea ondo datorkigu.
  • Bai, noski, informazio hori ondo datorkigu eta ondo deritzot horren berri ematea. Baina, ez al zaizu iruditzen askotan lekuz kanpo kokatzen direla?
  • Ez dizut ulertzen. Zer esan nahi duzu?
  • Gauza bat dela elurragatik errepideak nola dauden esatea eta beste bat Etxegaraten edo Aralarren urtarrilean elurra egin duela esan eta esan aritzea, egunkarietako lehen orrialdeetan agertzea, irratiak orduro hori errepikatzea eta telebista kate guztiek berriemaile berezia bidaltzea bertara. Gelditu eta pentsa ezazu hamar segundoz: urtarrilean elurra Etxegaraten. Urtarrilean. Negu bete-betean. Oso gauza normala da, ohikoa. Abuztuan egingo balu, orduan bai notizia izango litzatekeela, baina urtarrilean… Ohikoa ezohiko bihurtzen dute titular horiekin. Iparra galtzen ari gara.
  • Bai, arrazoi duzu. Urtarrilean elurra egitea ezohiko notizi bezala agertzen dute, eta udan bero egitea berdin: “Bero olatua dator”, “etxetik ez ateratzeko gomendioa egiten dizuegu”,” gaur eguraldi ‘ona’ izango dugu”…
  • Eguzkia eta beroa beti “ona” balira bezala. Ni hobeto ibiltzen naiz eguraldi freskoarekin, eta tarteka lainotzen badu, kalterik ez. Kortatuk aspaldi esan zuen: “La asamblea de majaras ha decidido: mañana sol y buen tiempo”. Horregatik esan dizut lehen; gauza bat da deskribatzea eta beste bat baloratzea. Niretzat ona dena agian zuretzat ez da, eta alderantziz. Eta hori ez lukete nahastu behar eguraldi iragarleek. Hortxe dago koska.

Eta hor jarraitu dute bi lagunek paseoan, euripean, 9 graduko tenperaturarekin, bata beroki potoloa jantzita eta bestea jertse mehearekin, bakoitza bere termostato propioak esaten dionaren arabera.