Igerilariak basamortuan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2021ko mai. 12a, 08:16

Imajinatu ama sei urteko semeari galtza luzeak janzteko esaten, hotza egiten duela eta euria iragarri dutela azpimarratuz. Aita, berriz, beste aldetik, galtza motzak janzteko esanez, ez duela hainbesteko hotzik egiten eta mugitzen bada ez duela hotzik pasako esanez. Zer egingo du umeak?

Imajinatu irakasle bat gelan sartu eta ikasleei leihoak irekitzeko eskatzen. Imajinatu ordubeteko saioaren ondoren beste irakasle bat gelara sartu eta leihoak ixteko eskatzen. Zer egin behar dute ikasleek?

Irudikatu pertsona heldu bat hipermerkatu handi batean erosketak egiten. Pasilloen artean atzera eta aurrera arroza aurkitu ezinik dabil. Hipermerkatuko langile bati galdetzen dio arroza zein pasillotan dagoen eta aurrera segi eta hirugarrenean topatuko duela esaten dio. Hara iritsi eta irina ikusten du, makarroiak ere bai, fideoak ere bai… baina arrozik ez. Beste langile batengana zuzentzen da galdera bera egitera eta bi pasillo aurrerago bidaltzen du. Hara iritsi, ezker-eskuin begiratu eta arrozik ez du ikusten. Nora jo behar du?

 

Ainhoa Azpirotz Eizmendi

"Zer egin behar du umeak? Nora jo behar du hipermerkatuan galdutakoak? Eta aparkatu nahi duenak? Zer egin? Nori egin kasu? Noiz da posible? Noiz ez? Azkenean, denak noraezean, pandemia honetan bezala"

 

Pentsa korrika dabilen gazte batek orkatila okertzen duela eta lagun batek izotza jartzeko esaten diola, berari hori pasa zitzaionean masajistak hala esan ziola. Bitartean, beste lagun batek Google-n begiratzen du eta hotza ez, beroa dela ona jartzen duela esaten dio. Hotza ala beroa? Beroa ala hotza? Zer egin? Nori egin kasu?

Imajinatu usurbildar bat Groseko anbulatorioan. Plaka batzuk ateratzeko bolantea eskuetan duela, han jartzen duen pisura igotzen da, baina egokitzen zaion medikuaren izenik ez du topatzen pasilloko inongo ateren ondoan. Pisu horretako harrera joan eta galdetzen duenean, mediku hori jada jubilatuta dagoela esaten diote. Horren ordez dagoen medikuaren izena ematen diote, baina mediku horrek ez omen du egun horretan lan egiten. Beraz, beste egun baterako hitzordua ematen diote eta eskaileretan behera abiatzen da.

Irudikatu hiri batean TAOkoa etorri eta leku horretan ezin dela aparkatu esaten; aurrerago joan eta hurrengo kalean aparkatu daitekeela esaten. Eta han aparkatu ondoren, udaltzaina kargu hartzera etortzen, leku horretan ordu horretan jada ezin dela aparkatu esaten; goizeko 9:00etatik 13:30era bai, 13:30etik 15:00etara ez, 15:00tatik 20:00etara bai, baina asteartetan eta ostegunetan 19:30 arte, ostegunetan ez merkatua dagoelako eta astelehen, asteazken eta ostiraletan ordubete baino gehiago ez. Orduan, noiz da posible? Eta noiz ez?

Denak noraezean. Inork ez daki gauza bakoitza non dagoen, une bakoitzean nora jo behar den, momentu horretan zer komeni den, galdera horien erantzuna nork emango duen. Eta azkenean, denak galduta. Besteen erantzunaren zain egon ondoren, nork bere sena edo zentzua galduta. Hasieratik senari kasu eginda, hobe leudeke denak.

Horixe bera gertatzen ari zaigu pandemia honen kudeaketak ekarri digunarekin. Emandako arauak, gomendioak edo dena delakoak ez digute bide argirik erakusten, ez dituzte gure galderak erantzuten, eta are gehiago, nahastu egiten gaituzte. Hobe gure sena eta zentzua berreskuratzea. Bestela, Morauk abesten duen bezala, igerilariak izango gara basamortuan.