Etxetik kanpora zer?

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2021ko ira. 24a, 08:09

Gaur egun guraso izatea ez dela erraza esaten dute. Nik uste dut orain dela urte, belaunaldi edo mende batzuk ere ez zela erraza izango. Baina tira, gaur egungo garaietan kokatuko gara.

Seme-alaben adin guztiek dituzte alderdi gozagarriak eta kezka sortzen diguten beste alderdi batzuk. Zenbait kezka gure barrutik sortutakoak izaten dira eta beste zenbait kanpotik eragindakoak. Eta kanpoko horiekin batzuetan zerbait egin dezakegu eta beste batzuetan zaila izaten da.

Uda honetan pasatako bi gertaera hauek horren lekuko dira. Alegia, kanpoko eragin horren aurrean gurasoen heziketa eta ahalegina txiki geratzen dela eta egindako heziketa lana gutxietsia edo baliogabetua geratzen dela. Kasu horietako bat herri txiki bateko familia batena da. Alabak 12 urte egin ditu eta aldameneko herri handiago batean hasi da DBHko 1. maila egiten. Irailean aurrez aurre lagun berriak ezagutu aurretik, maila horretako gelakideen whatsapp taldea sortu zuten udan. Taldea sortu eta egun gutxitara, familia honetako alaba horri irudi pornografikoak ailegatu zitzaizkion taldeko whasappetik. Amak taldetik atera zuen alaba, inpotentzia handiarekin eta alaba pornografiatik nola babestu jakin ezinik.

Bigarren kasua 14 urteko mutil bati gertatua da. 13-14 urteko lagun taldean Donostiako festetara joan ziren eta tonbola batean txartelak erosi eta ardo botila bat tokatu zitzaion mutil honi. Mutila poz-pozik itzuli omen zen etxera amari ardo botila oparitzera. Amak irakurketa bat baino gehiago egin ditu, ordea. Hasteko, 13 urteko nerabeei ezin zaiela utzi jokatzen eta txartelak erosten. Bigarrenik, ardo botila bat ezin zaiola oparitu. Hirugarrenik, etxerako bidean udaltzainek ardo botilarekin harrapatu izan balituzte, amak isuna ordaindu beharko zuen. Laugarrenik, aurten ez zaie ez mutilari ez bere lagunei ardo botila edatea bururatu, baina datorren urtean auskalo. Bosgarrenik, guraso bezala alkoholaren inguruan egiten dugun prebentzio eta heziketa lana non geratzen da kalean hain erraz baldin badituzte gauzak?

Hortxe bi gurasoen kezka eta inpotentzia. Ikastaroetara eta hitzaldietara joan, adituen artikuluak eta aldizkariak irakurri, beste gurasoekin elkartu eta partekatu... hori dena egin eta gero zer?

Orain dela gutxi Berrian bideo-jokoen inguruko erreportaje bat argitaratu da. Txinako gobernuak neurri zorrotzak jarri ditu adingabeen bideo-jokoen erabilera kontrolatzeko: hemendik aurrera adingabeak astean hiru orduz soilik jolastu ahal izango dira, ostiral, larunbat eta igandetan 20:00etatik 21:00etara. Erreportajean iritzia ematen duten adituek diote neurri honek kontrako efektua ekar dezaketela, eta debekatzeak bideo-jokoetarako grina hauspotu dezakeela. Haur, nerabe eta gazteek teknologiak eta bideo-jokoak erabiliko dituztela eta erabili behar dituztela argi dute erreportajean hitz egiten duten lau adituek, baina gakoa noiz eta nola erabili omen da. Eta horretarako, ezinbestekoa omen da gurasoen laguntza, gurasoen eta haurren arteko komunikazioa, bidelagun funtzioa.

Horrekin guztiarekin ados egon gaitezke guraso gehienok, baina lehen aipatutako bi kasuak gogora ekarrita, zerbait gehiago ere behar dela esango nuke: gurasoei eskatzen zaienak inguruan isla izatea, beste batzuek ere norabide berean aritzea. Izan daiteke zenbait bideo-joko desegoki debekatzea; pornografia, jokoak eta apustuak debekatzea; goi mailako arau serio batzuk egotea eta horiek betetzeko bitarteko eraginkorrak jartzea... Gurasoentzat eta denentzat lagungarri izango litzateke seme-alabak eta herritarrak diren pertsona hauek hezteko.