Denden koloreak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Azpirotz Eizmendi 2021ko urr. 20a, 07:54
“Usurbil zabalik” irakurritakoan, kartelaz haratago joan eta lehen barruan zegoena gogoratzen eta irudikatzen hasten naiz sarritan.

Behin baino gehiagotan pasa zait lehen dendaren bat zegoen lokalaren aurretik pasa eta “Usurbil zabalik” irakurtzea. Eta kartelaz haratago joan eta lehen barruan zegoena gogoratzen hasten naiz. Atxegaldeko Mari Pazen kasuan adibidez, oso garbi gogoratzen ditut janari-dendako bi pasilloak, ezkerraldean edukitzen zituen frutak eta bera egoten zen ordaintzeko kaxa. Mari Pazek denda itxitakoan Alkorta harategia hasi zen harategiko jakiez gain janari-dendakoak ere saltzen. Orain biak daude itxita, eta baita Mari Loliren mertzeria, Dibinaren arrandegia eta Marixabelen Truke arropa-denda ere. Auzoetan jolasten ziren umeak desagertu diren bezala, dendak ere desagertu dira.

Gauza bera gertatu da Aginagako Eizarekin, iltze batetik hasi, alpargatetatik pasa eta mandarinak ere eros zitezkeenarekin. Auzo guztietan zegoen jendea biltzen zuen janari-denda: Kalexarren Mertxe Aizpuruarena, Eguzkitzaldean Ananea, Olarrondon izena ez baina bertakoak gogoratzen ditudana, Etxealdian Spar, Santuenean antzekoa eta kaxkoan Aitzetanea, Elexperen janari-denda eta… Paris etxearen ondoan zegoena, Tolaretxen, ate handi berde bat pasa eta patio moduko batean.

Ainhoa Azpirotz

“Auzoetan jolasten ziren umeak desagertu diren bezala, dendak ere desagertu dira”

Herriko plano bat hartu eta gorriz margotu ditut orain dela urte batzuk irekita eta orain itxita dauden dendak, eta aipatutako janari-dendez gain beste mordoxka bat dira: Rich famatua, Etxebeste kaleko txurreria eta gaur egungo kafetegien aitzindari izan zen Laxoa, kale nagusiko Goenaga drogeria, bizikletak eta motoak konpontzen zituzten Aranbururen tailerra, bideo-denda, Esnaola drogeria eta aldameneko kinkildegi txikia… Orain dela urte batzuk bi zapata-denda zeuden, Orkoi eta Aritzeta, eta orain bat bera ere ez; zapata konpontzailea bai, baina oinetakoen dendarik ez. Han joaten ginen dantzarako alpargatak eta abarkak erostera Aritzeta zapata-dendara.

Zein gogoratzen ote da Kalexarren zegoen Elenaren arrandegiaz? Eta Etxebeste kalean zegoen Karmenenaz? Eta jada itxitako Pauma umeen arropa-dendaren aldameneko erloju-dendaz? Eta eliza ondoko eta Santueneako kioskoez? Eta Irazu kaleko harien dendaz?

Beste denda batzuk lekuz aldatu dira eta horiek urdinez margotu ditut: Iratze Eguzkitzaldean zegoen lehen, orain banku bat dagoen lekuan; Joxe Leonen ileapaindegia orain Oinutsik podologia zentroa dagoen tokian zegoen; burdindegia eta Correos kale nagusian; Arruti harategia lehen Esnaola drogeriaren aldamenean zegoen, ondoren hari-denda bat egon zelarik; iturgintzako produktuak zituzten Portularrume dendaren tokian orain txinatarren bazarra dago.

Beste denda batzuen kasuan, itxi ondoren beste komertzio edo negozio bat ireki dute leku berean. Horiek horiz margotu ditut planoan, eta horien artean daude Atxegalden Aldatz kirol-denda itxi eta ondoren irekitako Tobyngana; Artzetarren harategiaren lekuan Lizardi liburu-denda; Eguzkitzaldean Alex jantziak-en ordez Eta punto! diseinu zerbitzuak; Argilan etxeko elektrotresnen lekuan Laborala; Lurdes kirolak dendaren tokian Labe-Goxo; eta Kantoi eta Giroa arropa-denden lekuan bien artean zegoen Laurok txikia orain Laurok handi bihurtuta. Makina bat gogoratuko dira Mapfreren egoitza dagoen lekuan lehen Maria Sokorroren txokoa zegoela, josten ikastera joaten ziren ama asko (aitik ez dut uste…), umeok frontoian ibiltzen ginen bitartean.

Buruari pixka bat eraginda margotutako plano hau osatzen joatea jolas polita izan liteke. Bakoitzak bere kasa egin dezakeena, edo etxeko mahai-bueltan. Mahaikideen adinaren arabera, gainera, oroitzapenak desberdinak izango dira eta horrek sorpresak partekatzeko aukera emango du.

Eta… hemendik hogei urte barru? Nola margotuko ote genuke? Hori ere beste jolas bat izan daiteke.